Aritzetan suhiltzaile-etxe berria eraikitzeko proiektua aurrerabidean

Noaua Aldizkaria

Aritzetan eraikitzekoa duten suhiltzaile-etxe berriaren proiektua aurrerabidean da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan.

2027-2028 urte artean, Aritzetan suhiltzaile-etxe berria eraiki asmo dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak balizko data hori jarri die eraikuntza lanei. Aurretik, aipatu erakundeko bozeramaile Irune Berasaluzeren esanetan, “Aldundiaren aurreikuspena da proiektua eta obra zuzendaritza urte honen amaieran lizitaziora atera ahal izatea, eta parke berriaren eraikuntza 2027aren amaieran edo 2028aren hasieran egin ahal izatea”.

Aritzetakoa, Gipuzkoako bederatzigarren parkea izango da. "Gipuzkoako Suhiltzaileen Foru Zerbitzua modernizatzeko eta garatzeko estrategiaren barruan kokatzen da, Gipuzkoa Babestu 20_30 planaren eguneraketan jasoa, zeinak planteatzen baitzuen azpiegituren sarea eta zerbitzuaren gaitasun operatiboa egokitzea larrialdiei hobeto erantzuteko eta denborak murrizteko", Foru Aldundiaren arabera.

889.010 euroko oinarrizko aurrekontua du egitasmoak.

Proiektua aurrerabidean jarri du, Usurbilgo Udalak eginiko tramitazioak. Izan ere, Aritzetako eremuan, "lurzoru urbanizaezinean, suhiltzaile-etxe bat ezartzeko Plan Berezia (2025eko dokumentua) hasieraz onartzea" erabaki zuen Udalak iragan maiatzaren 21eko "2026/797 zenbakidun Dekretuaren bidez" eta "udal teknikariaren txostenean ezarritako baldintzekin".

Espediente hura jendaurrean jartzea erabaki zuen Udalak, 20 lanegunez, "interesatuek plana aztertu, eta hala badagokio, bidezko alegazioak aurkeztu ditzaten", uztailaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakinarazitakoaren arabera.

Ildo horretan, Foru Aldunditik aditzera eman dutenez, "Usurbilgo Udalak onarpen definitiboa eman dio Gipuzkoako bederatzigarren suhiltzaile parkearen Plan Bereziari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordera (EAELAB) bidali du plana. Horri esker, Aldundiak eraikuntza-proiektuaren izapideei helduko die".

Hurrengo urratsak zehaztu ditu Foru Aldundiak; "proiektuaren idazketaren eta obra zuzendaritzaren lizitazioa izango da".