Usurbilgo Udalak eragile gehiagorekin lankidetzan apiriletik azarora antolaturiko "Komunitatetik, heriotzaz" solasaldi zikloaren baitan, literatura izan dute aztergai oraingo honetan. Izan ere, heriotzaren gaia askotariko ertzetatik aztertzen ari da zikloa, gai honen bueltako tabua arrakalatzen segitzeko.
Uda osteko hitzordu zikloari ekiteko, udaberriaz geroztik Udalak eragile gehiagorekin abiarazitako "Komunitatetik, heriotzaz" zikloko hurrengo saioari lekua egin dio Sutegi udal liburutegiak astearte honetan, irailaren 22an. Oraingo honetan, literaturaren ikuspuntutik aztertu dute gaia. "Familiakoen heriotza, lagunena, suizidioa, dolua...nola jorratu den hainbat liburutan (entsegu, eleberri, olerki, antzerki eta albumetan) azaldu digu gaur #AinhoaAldazabalGallastegi literatura kontuetan adituak; luze eta zabal, aberats eta interesgarri", adierazi dute Sutegi udal liburutegitik.
Literaturan aditua eta Skolastikako kide Ainhoa Aldazabal gonbidatu dute. "Literaturak bizi esperientziak jasotzen dituen moduan jasotzen ditu heriotza esperientziak. Heriotzak, hileta errituak, doluak... literaturan nola jasotzen diren" aztertu dute.
"Komunitatetik, heriotzaz" zikloa borobiltzeko beste bi hitzordu antolatu dituzte udazken parte honetarako; batetik, aiten begiradatik seme-alaben galeraren dolua izango dute mintzagai, "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioaren bidez. Azkenik, heriotza kulturartekotasunetik aztertuko dute azaroan.
“Komunitatetik, heriotzaz” zikloa
Urriak 18, igandea
18:00 "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.
Zehaztasunak: "Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ikus-entzunezkoak, aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Emanaldiaren ostean, filmaren sustatzaile Anakotz Lasarterekin solasaldia izango da".
Azaroak 5, osteguna
18:00 "Heriotza eta kulturartekotasuna" solasaldia Sutegi auditorioan.
Zehaztasunak: "Hainbat jatorritako herritarren arteko solasaldia, sorterrian heriotza bizitzeko duten moduaz".
Hizkuntza: gaztelania.
Saioetarako izen-ematea: aurrez eta doan eman ahalko da izena, usurbilkultura.eus plataforman.
Bultzatzailea: Usurbil herri zaintzailea.
Laguntzaileak: Bidegin eta Iñurri elkarteak, Hil Arte Bizi egitasmoa eta Matia fundazioa.