Pozarren hasi du denboraldi berria Usurbil Kirol Elkarteak. Izan ere, lehen jardunaldia eskubaloi taldeen bilguneko jokalarietako batek goleatzaile nagusi izanda amaitu du Iker Nazabal Aisak hain zuzen. "Usurbildarrak Lehen Nazionaleko "C" multzoko goleatzaile nagusi gisa amaitu du lehen jardunaldia, lehen neurketan lortutako 11 golei esker", Usurbil K.E.-tik jakinarazi dutenez. Ez da nolanahikoa emaitza. Izan ere, "Lehen Nazionaleko "C" multzoa Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Aragoiko 16 taldek osatzen dute, eta guztien artean Iker Nazabal da momentuz gol gehien lortu dituen jokalaria".
Estatuko Lehen Nazional mailari erreparatuz gero, "guztira 96 talde eta 2.000 jokalari inguruk osatzen duten txapelketan, usurbildarra estatu osoko goleatzaileen rankingeko laugarren postuan dago lehen jardunaldiaren ondoren. Denboraldia hasi besterik ez den arren, datu horrek agerian uzten du Nazabalek erakutsitako maila eta hasiera bikaina".
Zehaztu dutenez, "Usurbil KEk garaipen ikusgarria eskuratu zuen denboraldiko estreinako partidan, etxean Uharteren aurka 28-27 nagusituta. Azken unera arte emozioz beteriko norgehiagoka izan zen, eta Nazabalen ekarpena erabakigarria izan zen bi puntuak Usurbilen geratzeko. Bere 11 golekin, taldearen eraso jokoaren erreferente nagusietako bat izan zen".
Usurbil K.E.-rentzat "lehen jardunaldiak argi utzi du Usurbil KEk jokalari erabakigarriak dituela bere erronkei aurre egiteko. Horien artean, Iker Nazabal Aisa izan da lehen protagonistetako bat, golak sartzeko duen sena eta eraginkortasuna erakutsiz".