"Udalhitzeko mahaian eta udaletako negoziazioetan aurrerapausorik ez dagoenez", urteko lehen seihilekoan hasitako greba dinamikari segida ematea erabaki zuten berriki LAB eta ELA sindikatuek. Horregatik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langileak urriaren 8an greba egitera deitu zituzten berriz.
Greba horri begirako bilkura eta bozketa urriaren 5ean egitekoa dute Usurbilgo udal langileek Sutegin. Aldez aurretik, mobilizazioa egin dute asteazken eguerdi honetan, irailaren 24an, udaletxe atarian bertan. Lehenbizi, informazioa partekatu dute. Segidan, albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute, hainbat aldarridun kartel eskuartean zituztela.
Usurbilen soilik ez, ELA eta LAB sindikatuek deitutako halako 50 mobilizazio baino gehiago egitekoak zituzten, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat udalerrietan.
"EAEko udaletan urte asko daramagu lan-baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Alde batetik,
Udalhitzeko mahaia duela ia bi urte aktibatu zen. Hainbat negoziazio mahai egin ondoren, oraindik oinarrizko aldarrikapenak mahai gainean falta dira", jakinarazi dute ohar bidez, gaurko mobilizazioen deitzaile LAB eta ELA sindikatuek.
Horregatik, diotenez, "Eudel eta berau osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSE alderdiak borondate falta itzela erakusten ari dira eta negoziazioa blokeatzear dago. Bestalde, udalez udal dauden negoziazio esparruak orokorrean ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileon lan-baldintzak okertzen doaz urtez urte eta sektoreak hamarkada bat baino gehiago darama lan-baldintzen okerkuntza bat pairatzen".
Bilera bihar
Horregatik, aipatu bi sindikatuek mobilizazioen dinamika abiarazi zuten apirilean. Bi orduko lanuztea egin zuten apirilaren 23an, maiatzaren 14an eta ekainaren 4an egun osoko greba. Ordutik, negoziazio mahaian aurrerapausoak egon diren arren, haien esanetan, "aldarrikapen asko falta dira: erosahalmenaren berreskurapena nola emango den, euskaraz lan eta bizitzeko neurriak, gazteberritzeko neurria edota subrogazio eskubidea, esaterako".
Aurrerapauso gehiagoren faltan, hilabete hasieran, udaberrian abiarazitako greba eta mobilizazio dinamikari segida ematea erabaki zuten ELA eta LAB sindikatuek. Testuinguru horretan zituzten deituak asteazken honetako, irailaren 24ko 50etik gorako mobilizazioak. "Kontzentrazioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoan zehar egin dira, besteak beste, hurrengo udaletan: Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo, Sestao, Gernika, Bermeo, Lekeitio, Markina, Durango, Zornotza, Getxo, Leioa, Erandio, Basauri, Galdakao, Arrasate, Bergara, Zumarraga, Beasain, Anoeta, Andoain, Hernani, Usurbil, Errenteria, Irun, Zumaia, Eibar, Zarautz, Agurain eta Oion" udalerrietan.
Hitzordu hauetan guztietan, antolatzaileen esanetan, "argi geratu da udal langileek haien lan-baldintzen alde borrokatzeko prest daudela. Beraz, pilota Eudel eta alderdi politikoen teilatuan dago. Bada garaia, negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan-baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko, bihar dagoen mahai negoziatzailean horretarako aukera daukate".
Halakorik ez balego, "mahai negoziatzailean alderdi politikoak ez badira mugitzen eta mahai negoziatzailera ez badituzte falta diren eduki horiek eramaten", bi sindikatuek urriaren 8rako deituta duten greba deialdiari eutsiko diote, gaurko mobilizazioetan jakinarazi dutenez.