Sagardotarako askotariko sagarrak ikusgai Alkartasuna kooperatiban

Noaua Aldizkaria

Irudia: Alkartasuna kooperatiba.

Sagardotarako erabilitako askotariko sagarren bilduma ikusgai jarri du Alkartasuna kooperatibak, urtero moduan. Halere, eskaintza hau herritarren laguntzaz osatzen segi nahi dute.

Urtero moduan, Alkartasuna kooperatibak ikusgai jarri du Atallun duen egoitzan, sagardotarako erabilitako sagarren erakusketa. "115 barietateren artean aukeraketa ikusgai jarri dugu", adierazi dute ekimenaren antolatzaileek. Usurbilgo bilduma osatzeko gonbita egin dute. Etxeko sagar klaseak kooperatibara eramatera deitu dute.

Erakusketa artean
Alkartasunan ikusgai den erakusketa urrian Sutegin jartzeko asmotan dira. Aldez aurretik, beste sorkuntza bilduma bat bisitatzeko aukera izango da kultur-etxeko erakustaretoan. Izan ere, Euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioa azken txanpan da. Bertan ondutako lanak ikusgai izaten segiko duzue halere, udazken honetan. Helbide honetan kontsulta dezakezue, hitzorduon agenda: https://www.udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/

Edizio honetan, "zazpi komiki, hamaika ipuin, zortzi antzezlan eta lau film labur" ekoitzi dira. Egitasmoari lotutako erakusketa antolatu dute Udalbiltzak eta bertako kide den Usurbilgo Udalak. Irailaren 26tik urriaren 1era bisitatu ahalko duzue Sutegin.