Sagar bilketa garaia hasia da, baita Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagastietan ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko nahiz Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek agerraldi bidez egunotan aurreraturikoaren arabera, iazkoa baino uzta nabarmen txikiagoa izango da hurrengo hilabeteotakoa. Datu zehatza urtea amaitu aurretik emateko moduan izango diren arren, milioi eta erdi kilo sagar biltzea aurreikusi dute, barrualdean gehiago kostaldean baino; gehiena, Goierrin eta Arabako leku batzuetan. "Heldutasunari dagokionean, iaz baino azukre gehixeago dakar sagarrak, ur gutxiago eta bero handiagoa izan duelako nagusiki", baina "sagar ale txikiagoa da aurten eta izaera handiko sagardoak espero behar dira".
Bilketari dagokionean, sagar gehien eskuz hartuko dute, zuhaitzak astindu eta lurretik jasota, "gure orografia eta klimak horretara bideratzen baitu bilketa gehienean". Halere, eskuz sagarrondotik biltzen hasi direnak badira edota bertako sagastietara egokitutako bilketarako makinak ere baliatzen dira. Alor honi lotutakoa da, sektoreak duen aurrera begirako erronketako bat; "sagar biltzeko modu berriak eta egokituak bilatzea" hain zuzen. Horrekin batera, "bi urtean behin gehiago emateko joera" izaten denez, urtez urteko uzta orekatzea da beste helburuetako bat. Horretarako, "asko den urtean lorea edo sagarra kentzea" da sektorearen asmoetako bat, "sagarrondoek, urtero, uzta orekatuagoak eman ditzaten".
Baina proiektu gehiago ere badituzte eskuartean; horien artean da, Euskal Herri mailako sagardo sektoreak eta eragileek sustaturiko Malus Bi proiektua. Azken bi urteotan garaturiko Malus Bat izenekoan, Euskal Sagardoarentzako Plan Estrategikoa diseinatu ostean, datorrenaren "helburu nagusia izango da, kalitatezko sagarra sortzeko beharrezko proiektuak eta bitartekoak aurkitzea eta adostea". "Geneva" izeneko txertaken erabilera da, azken urteotan abiarazi eta segida eman asmo duten "Euskal Sagarrak txertatu eta gure lurretan zer emaitza ematen duten" ikusteko beste egitasmoa. Horrez gain, interpolinizazioa sustatu nahi dute, edota egungo sagar ekoizpena handitzen ahalegindu nahi dute eta "horretarako, egoera aztertu eta neurriak hartzea". Lurra landu eta kalitatezko sagarra izateko formazioa ere bultzatu nahi dute.
24 erabilienak
Gaur egun, Euskal Sagardoaren barruan dira 500 hektarea sagasti eta horko sagarra, jatorri deiturako 48 sagardotegiek hartzen dute. Horien artean dira, Zubietako Araeta, Kalezarko Saizar eta Aginagako Urdaira. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar mota ditu onartuak baina haietatik 24 dira gehien erabilitakoak, "gezak eta gaziak (garratzak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak". Sagardogile gehienak sagargileak badira ere, haiez gain, ekoizle gehiago badaude. "Egun, ehun produktutik gora egiten ditu sektoreak Euskal Sagardoaren barruan, bertako sagar hutsez".