Udako urteroko etenaldiaren ostean, ostiral honetan, irailaren 25erako deitua du berriz Sarek hileroko elkarretaratzea. Arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan antolatu du mobilizazioa. Urtarrileroko Bilboko manifestazio nazionala aurkeztu berritan deitu ditu hileroko azken ostiraletako kontzentraziook Sarek.
Izan ere, datorren "urtarrilaren 9an Bilboko kaleak betetzeko 112 arrazoi" daudela jakinarazi dute, 112 preso hain zuzen; batetik, hirugarren edo bigarren graduan 100.2 artikulua aplikatuta 73 eta beste 39 kalera ezertara atera gabe. "Batez ere, azken 39 pertsona horien egoerak behartzen gaitu ahalegin handiagoa egitera".
Sareren esanetan, "presoak dira, gaur egun oraindik, espetxe egoera desberdinetan, aske ez daudenak. Zigorra arindua dute kasu batzuetan, hura betetzeko modalitate batzuk aplikatu zaizkielako. Gehienek, ordea, espetxean bete duten denboragatik, erantzukizun zibila ordaindu dutelako eta kartzelan izan duten portaeragatik, etxean egon beharko lukete, ETA bukatu zenetik 15 urte baino gehiago igaro direlarik".
Ordutik, "azken garaietan aurrerapauso handiak egon dira, are gehiago EAEk espetxe arloko eskumenak bereganatu zituenetik. Baina aurrerapenak onartzeak ez digu galarazten aurretik oraindik dauzkagun zailtasunak".
Presoez gain, Saretik gogorarazi dutenez, "ezin dugu ahaztu 13 iheslari eta 3 deportatu ere badaudela, eta etxera itzultzeko oztopoak dituztela".
"Azken txanpa" helmugarantz
Sare "azken txanpa" deritzon etapan murgildua dago; halere, "bidea dugu oraindik egiteko". Aipatu bilgunetik aditzera eman dutenez, "nabarmendu nahi dugu aurrera egin eta betikotu behar ez den egoera bat bukatu beharra dagoela, bestela ez baitugu hitz egiterik izango elkarbizitzan oinarritutako gizarte batez. Helburu hau bateragarria da gure herrialdean sortutako indarkerien biktimekiko errespetuarekin, elkartasunarekin eta babesarekin. Elkarbizitzarantz aurrera egiteko nahitaezkoa da min hori aitortu eta errespetatzea".
Azken txanpa horretan, "borondateak batzen eta helburu argi bat duen erreibindikazio bat indartzen segitu nahi dugu: gure sorrera eragin zuten arrazoiak bideratuta gelditzen joatea eta benetako elkarbizitzara aurrera egin ahal izatea".
Testuinguru horretan deitua dute datorren urtarrilaren 9ko Bilboko manifestazio nazionala. 112 preso, 13 iheslari eta 3 deportatu guztira. Haiek denek "jasaten dituzten eskubide urraketak bukatu gabe denbora pasatzea nahi ez duen gizarte baten erreibindikazio demokratiko eta jendetsuarena", horren eredu izatea nahi du Sarek aipatu mobilizazioa. Hortik baita, manifestazio horretarako hautaturiko leloa; "Helmuga denak etxera".
