Konturatzerako 30 urte, alajaina. Hiru hamarkada bete ditu NOAUA! Kultur Elkarteak, eta nola ez, zuekin guztiokin ospatu nahi dugu; hiru hamarkada hauetan, bidelagun izandako Usurbil eta usurbildarrekin. Asteotan aurreratu dizuegu hitzordua; larunbatean, irailaren 26an, arratsaldeko 19:00etan elkartuko gara Potxoenea ondoko Olanoenea plazatxoan, apropos hautaturiko "lau haizeetara" aldarripean. Sinbolismo handiko eremua da. Izan ere, ibilbide oparo honen lehen urteetan, plaza horretako eskaileretan biltzen ziren NOAUA! kideak Sagardo Egunez, herri proiektu honi atxikimendua adierazteko talde argazkia ateratzeko.
Abiapuntu horretara itzuliko gara 30 urte geroago, hilaren 26ko ekitaldiarekin eta zuekin, hamaika modutara kide izan edo modu bateko edo besteko hartuemana izandakoekin. "Egon direnak, gaudenak, aurrerantzean etor daitezkeenak", NOAUA!rekin harremanik izan duen oro gonbidatu du ospakizunera kultur elkarteko lehendakari Ugaitz Agirre Zapirainek. Ekitaldian parte hartuko duenetako bat izango da, bere aurretik bilgune honen lehendakari izandako Idoia Torregarai Martijarekin batera. "Etor zaitezte, ondo pasako duzue eta. Sorpresak egongo dira. Denontzako ekitaldi xumea, baina goxoa prestatu dugu. Jendearen ahotsa entzuteko, ondo pasatzeko edota jolasteko aukera ere izango da", adierazi digu ekitaldiko bideratzaileak. NOAUA! K.E.-ren bueltako urteotako komunitatea batu nahi du urtemuga ekitaldiak. Izan ere, "denoi esker dago NOAUA! hemen, 30 urtez".
"Dena du ospatzeko"
Lerrootako bi elkarrizketatuei, egungo lehendakariari nahiz larunbateko ekitaldiko aurkezle eta bilgune honetako lehendakari eta langile ohiari galdetu diegu, ea zer duen ospatzeko, haien ikuspegitik, 30 urte betetako kultur elkarte honek. Agirreren esanetan, lehenik eta behin, "euskara eta euskal kultura sustatzen" aritutako ibilbidea bera, ospatzera goazen 30 urteotako bidea "eten zitekeen eta" halakorik ez baita gertatu. Beraz, "egindako bidea aldarrikatzeko" baliatu nahi luke, hilaren 26ko hitzordua eta noski, "30 urteetan jarraitu badu, egin dezakeela beste horrenbeste denboraz ere". Ildo beretik mintzatu da baita, sorrera urteak hurbiletik bizi izandako Torregarai ere. "Dena du ospatzeko. Herri bateko kultur elkarte batek 30 urte betetzea, bada mugarria". Ospatzeko asko du bere iritziz. Garai aldakor, nahasi eta ziurgabeotan, "Usurbilen konfiantzazko herri komunikabide bat izaten jarraitzea, zero kilometroko komunikazioa, oso garrantzitsua da, hurbiletik zer gertatzen den ikusteko. Egungo Usurbil ez nuke ulertuko NOAUA! gabe", ez herri hedabide ezta kultur elkarte hau gabe, "herri bizi horretarako ere ekosistema aberats horretan, pieza garrantzitsua baita NOAUA!". Ilusioz eta esperantzaz bizi du urtemuga hau; "uste dut gauza asko ditugula egiteko elkarrekin, hau da, herriko beste eragile askorekin".
Etorkizun horri nahiz igarotako 30 urteez galdetu diegu bi elkarrizketatuei. Izan ere, harreman estu eta luzea dute kultur elkarte honekin Idoiak eta Ugaitzek. Torregaraik sorrera nahiz martxan jartzeko garai hura, buru-belarri bertan sartuta bizi izan zuen. Kazetaritza ikasten ari zen garai hartan. Arrasate aldean hasitako mugimendua zabaltzen joan zen beste hainbat txokoetara. "Ikusi zuten zer garrantzitsua zen euskararen normalizaziorako halako proiektuak martxan jartzea".
Herri proiektua
Erronka zalea dugun Usurbil honetan ere "proiektu hori sortzeko gogoa bazen" eta horrekin batera, "ilusioa, parte hartzeko nahia". Oroitzapen oso polita du garai hari buruz. Izan ere, herritik herriarentzat sorturiko proiektua izan zen. "Herritar talde batek halako herri hedabide bat martxan jartzeko deialdia egin zuen. Jende piloa bildu ginen". Tartean ziren, kazetari gisa jardungo zuten lehen lantaldeko kideak ere, Idoia besteak beste. "Gure ofizioak eta afizioak bat egin zuten NOAUA!n".
Askotariko herritarrak batu ziren herri proiektu honen bueltan, bilera andana egin zuten herriko txoko ezberdinetan. Itxuratzen joan ziren, izenik gabeko proiektua. Izena bera ere herritik sortu zen, taberna eta beste txoko askotan jarritako proposamenak biltzeko zerrendetatik. "Oso izen politak zeuden. Bozketa bidez erabaki zen. Neuk ere NOAUA!ren alde egin nuen. Usurbilen askotan entzuten zen. Batez ere, aita entzuten nuen hori esaten". Izenetik hasita, gainerako itxuratze lan guztia ere, "ederra izan zen. Usurbildarrok hutsetik sortu genuen proiektua izan zen. Gogor lan egin behar izan zen. Baina oso oso polita izan zen. Zortekoa naiz, garai hura bizitzeko aukera izan nuelako".
Gero heldu zen, egungo Kale Nagusiko KzGunearen inguru horretako garai bateko Correosena izandako lehen egoitzaren irekiera. "Dena auzolanean txukundu" zutela oroitu digu Torregaraik. Proiektua martxan jarrita, "kazetari ofizioa bertan ikasi nuen", nabarmendu duenez, "jende askori esker", haiekin zen herritar taldeari esker. Ez zuten egungo baliabiderik: argazkiak errebelatu behar izaten zituzten, inprimategira fisikoki joan behar izaten zuten aldizkaria eramatera... Hortik aurrera, herri osoko etxeetara "euskara modu horretan sartu" izana poztasunez oroitzen du Torregaraik. Proiektu honen izaera kolektiboak ahalbidetu zuen balentria hura, talde lanak. "Hori da Usurbilek duen gauzarik onena, jendea. Duela 30 urte hor ikusi zen, gerora ere ikusi da. Herri honek emateko asko du".
Sostenguaren beharra
Hiru hamarkadotako ibilbidean zehar, belaunaldi berriaren etorreraren lekuko izan da herri hau. Tarte horretan jaio zen, 1992an, egungo lehendakari Ugaitz Agirre Zapirain. Lau urte zituela sortu zen NOAUA!. "Kontzientzia dudanetik beti egon da etxean NOAUA!", gogorarazi digu. Hedabidearekin eta kultur elkartearekin batera hazitako belaunaldikoa da. Haurra zela hartu zuen hitza lehen aldiz aldizkarian, inkesta baten bidez hain zuzen. Gero, 16 urte inguru zituela, idatziz zutabegile gisa kolaboratzen hasi zen, Urruzuno Literatur Lehiaketa irabazi berritan hain zuzen. "Idazteko zaletasunari bide eman eta nire idazkerarekin esperimentatzeko aukera eman dit", oroitarazi digu. Azken bolada luzean, astekarian atalka idatzita argitarapenekin dagoeneko hirugarren ipuinaren kontakizun betean da usurbildarra.
Herri eragile hainbatetako parte hartzaile gisa ere hartuemanetan izan da kultur elkarte honekin urteotan. Hamarkada baten ostean, Idoia Torregarairen lehendakaritza postua hartu zuen 2024ean. NOAUA!rik gabeko Usurbil ezagutu ez duen herrikide modura, hedabide eta elkarte hau betidanik egon izana ez da berez emandako zerbait izan, gogorarazi digunez, " herrisostegun bat egon delako baizik".
Sostengu hori ikusgarri egitea garrantzizkotzat jotzen du aurrera begira ere. Horrekin batera azpimarratu du baita, "herriarekin duen loturari" eustea. Izan ere, "herriak, herritarrek egiten dute NOAUA!". Bidelagunokin eta bere ustez, garaian garaiko testuinguru eta aldaketetara egokitzeko duen gaitasunarekin, argi du; beste hainbeste urtez gutxienez, "NOAUA!k jarraitu behar du". Halere, orain arteko babesa beharko du aurrerantzean ere. Izan ere, "proiektuok beti behar dute zaintza berezia", Torregarairen esanetan. Idoiak jada 50. urtemuga ekitaldirako txanda eskatu digu. "72 urte izango ditut ordurako, hor egotea nahi dut, nire bizitzako proiektuetako bat baita NOAUA!".