Helmugara begira Sare, urriaren 17an horma-irudia margotzeko deia

Noaua Aldizkaria

Uda osteko lehen mobilizazioa deitu du ostiral honetarako Usurbilgo Sarek. Azkena izatea nahi luketen urtarrileko Bilboko manifestazioari begirakoa izan da. Urrirako hitzordu bikoitza iragarri dute.

Plazan mobilizatzera bueltatu dira. Udako etenaldiaren ostean, itzuli dira Sarek deitutako azken ostiraletako elkarretaratzeak. "Euskal Herriko hamaika herritan ari gara mobilizatzen, gehiegi luzatu den euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidearen alde, eta konponbidearen eskutik, elkarbizitza agertokien eraikuntzaren alde", deitzaileek ostiral iluntze honetan, Mikel Laboa plazan adierazi dutenez.

Egunotan, bost hiriburuetan abiaturiko "Helmuga" izeneko dinamika hartu zuten ahotan, "zeinetan, modu argi batean adierazi dugun, prest gaudela euskal gizartearen gehiengo zabala ordezkatzen duten alderdi, sindikatu eta eragile sozial zein politikoekin batera horren beharrezkoa zaigun konponbideari ekarpenak egiten jarraitzeko. Ez ekarpenak soilik, azken urteetan egin dugun moduan, konponbideari bultza egin behar diogula uste dugu, hain zuzen, sufrimendu izugarria eragiten jarraitzen duen auziarekin behin betiko amaitzeak ahalbideratuko ligukeelako elkarbizitza agertokiak are eta iraunkorrago eta sendoago eraikitzea".

Halere, konponbidea oztopatu nahi duten "zenbait eragile eta lobby mediatiko" badirela gogorarazi dute, Sareren arabera, azken asteotan nabarmena izan dena, "ikusi dugun zenbait gradu erregresiotan".

Helmugarantz
Aurrera begira ere, "egoera ezagutu gabe 500 kilometrotara hartzen diren erabakiak salatzen jarraituko dugu, zeinak oinarri juridikotik gutxi duten. Oztopo dira eraiki nahi dugun Euskal Herriarentzat. Sufrimenduari amaiera eman eta enpatiaz, jasandako sufrimenduak aitortuko dituen herriarentzat alegia".

Horregatik, azken urteon ildo beretik jarraitzeko asmoa dute. "Posizio horietan lerrokatzen diren eragileez gaindi, konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren lanean berresten gara".

Sarek argi du urtarrileko Bilboko manifestazioko lema ahotan hartuta, zein izatea nahi duten helmuga; "biolentziaren biktimak aitortuak izango diren eta euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbide bat eskainiko dion herria. Bide horretan aurkituko gaituzue lanean aurrerantzean ere".

Urtarrilaren 9ko Bizkaiko hiriburuko mobilizazio nazionalera bitarte, "orain arteko akordio eta adostasunak ardatz", hainbat hitzordu iragarri dituzte hurrengo hilabeteotarako; lehenengoa, urriaren 17rako. Usurbilen horma-irudi bat sortu eta margotzeko deialdia egin dute. Aurrerago xehetasun gehiago eskaintzekoak dira.

112 arrazoi
Gogoan izan, Sarek azkena izatea nahi lukeen manifestazioa deitua duela urtarrilaren 9an Bilbon. "Urtarrilaren 9an Bilboko kaleak betetzeko 112 arrazoi" daudela jakinarazi dute, 112 preso hain zuzen; batetik, hirugarren edo bigarren graduan 100.2 artikulua aplikatuta 73 eta beste 39 kalera ezertara atera gabe. "Batez ere, azken 39 pertsona horien egoerak behartzen gaitu ahalegin handiagoa egitera".

Sareren esanetan, "presoak dira, gaur egun oraindik, espetxe egoera desberdinetan, aske ez daudenak. Zigorra arindua dute kasu batzuetan, hura betetzeko modalitate batzuk aplikatu zaizkielako. Gehienek, ordea, espetxean bete duten denboragatik, erantzukizun zibila ordaindu dutelako eta kartzelan izan duten portaeragatik, etxean egon beharko lukete, ETA bukatu zenetik 15 urte baino gehiago igaro direlarik".

Ordutik, "azken garaietan aurrerapauso handiak egon dira, are gehiago EAEk espetxe arloko eskumenak bereganatu zituenetik. Baina aurrerapenak onartzeak ez digu galarazten aurretik oraindik dauzkagun zailtasunak".

Presoez gain, Saretik gogorarazi dutenez, "ezin dugu ahaztu 13 iheslari eta 3 deportatu ere badaudela, eta etxera itzultzeko oztopoak dituztela".

"Azken txanpa" helmugarantz
Sare "azken txanpa" deritzon etapan murgildua dago; halere, "bidea dugu oraindik egiteko". Aipatu bilgunetik aditzera eman dutenez, "nabarmendu nahi dugu aurrera egin eta betikotu behar ez den egoera bat bukatu beharra dagoela, bestela ez baitugu hitz egiterik izango elkarbizitzan oinarritutako gizarte batez. Helburu hau bateragarria da gure herrialdean sortutako indarkerien biktimekiko errespetuarekin, elkartasunarekin eta babesarekin. Elkarbizitzarantz aurrera egiteko nahitaezkoa da min hori aitortu eta errespetatzea".

Azken txanpa horretan, "borondateak batzen eta helburu argi bat duen erreibindikazio bat indartzen segitu nahi dugu: gure sorrera eragin zuten arrazoiak bideratuta gelditzen joatea eta benetako elkarbizitzara aurrera egin ahal izatea".

Testuinguru horretan deitua dute datorren urtarrilaren 9ko Bilboko manifestazio nazionala. 112 preso, 13 iheslari eta 3 deportatu guztira. Haiek denek "jasaten dituzten eskubide urraketak bukatu gabe denbora pasatzea nahi ez duen gizarte baten erreibindikazio demokratiko eta jendetsuarena", horren eredu izatea nahi du Sarek aipatu mobilizazioa. Hortik baita, manifestazio horretarako hautaturiko leloa; "Helmuga denak etxera".



Sareren datozen deialdiak
Urriak 17, larunbata
Horma-irudia sortu eta margotzeko deia. Xehetasun gehiago, aurrerago.

Urriak 30, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Urtarrilak 9, larunbata
17:00 Manifestazio nazionala Bilboko La Casillatik, "Helmuga: denak etxera" aldarripean.

Deitzailea: Usurbilgo Sare.