Kantuan batu dira Usurbilgo taldea eta Bardozeko Xarnegu ikastolako kideak

Noaua Aldizkaria

Kantu-jira berezia larunbat honetan, irailaren 26an Usurbilen. Usurbilgo taldeak ezohiko bidelagunak izan ditu, hileroko hitzorduan; Bardozeko Xarnegu ikastolako ordezkaritza bat hain zuzen.

Abesteak batzen gaitu, larunbat honetan, irailaren 26an, argi geratu den moduan. Mikel Laboa plaza izan du abiapuntu eguerdiko 12:00etan, Usurbilgo Kantu Taldeak deitutako kantu-jirak. Ohi baino kantari kopuru jendetsuagoa izan du, uda osteko lehen hitzorduak. Izan ere, gonbidatu talde berezi baten parte hartzea erakarri du gaurko birak; Lapurdiko Bardozeko Xarnegu ikastolako kideak hain zuzen.

Usurbilgo taldeak herri honen ereserkia abestuz ekin dio larunbat honetako kantu-jirari eta modu harretan egin dio harrera baita Bardozeko ordezkaritzari ere. Abesti horren amaieran batu dira ekitaldira eta abestuz eman diote segida, herri erdigunean barrena egindako jirari.

Gaurko saioaren ostean, gogoan izan, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak astelehenero segiko du biltzen, asteroko ikastaroan, 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Hileroko kantu-jira saioei ere segida emango diete. Hurrengo hitzordua, urriaren 31n egokituko da.

Ikastola berria
Kantu Taldeak antolatu ohi du hileroko azken larunbatetako ekimena. Oraingoan, ordea, Nafartarrak taldea batu da antolakuntzara. Izan ere, haien eskutik heldu dira Bardozeko Xarnegu ikastolako kideak. Bi herrion arteko hartuemana ez da gaurkoa.

Elkartasun izaerako hartueman horrek urteetako ibilbidea du. Xarnegu ikastolako kideak lehendik ere egondakoak dira Usurbilen. Udarregi ikastola eta herria ezagutzen izan ziren 2022ko Sagardo Egunean, Nafartarrak taldekoen eskutik. Ireki berria zuten ikastola garai hartan. 

Bardoze, Lapurdiko ipar ekialdean kokatzen den herri bat da. Aldez aurretik, bertako umeak Beskoitzeko Ikastolara joan behar izaten zuten. 2020. urtean bi familia euskaldunek abiatutako kanpainaren ostean, guraso eta beraz, ume gehiago, Bardozeko ikastolaren proiektura atxikitzea lortu zen.

Seaskaren laguntzarekin aurkeztutako egitasmoak herriko etxearen oniritzia jaso eta gero jarri zen martxan ikastola 2020ko irailean.


Usurbilgo Kantu Taldearen datozen deialdiak
Astelehenero...
18:00 Kantu ikastaroa Agerialdeko musika gelan.

Urriak 31, larunbata
12:00-14:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Antolatzailea: Usurbilgo Kantu Taldea.