Lagunarte giro ederrean ospatu zuen NOAUA! Kultur Elkarteak bere 30. urtemuga, larunbatean Olanoenea plazan. Ekitaldian, ardatz nagusietakoa izan zuen umorea, baita bertara joandakoen artean sustaturiko parte hartzea ere eta horiez gain, nola ez, sormena.
Sortzailea izan zen ekitaldia bera. Herri honen islada argia izan zuen, beraz, urteurrenak. Horren adibide argia izan zen, kultur elkarte honen egungo lehendakari Ugaitz Agirre Zapirainek hitza hartutako unea. Kitarra eskuan, errezitaldi musikatu ederra eskaini zuen. Pasarte batzuk, albiste honi atxikitako bideoan dituzue.
"Bejondeigula!"
Aurretik, bertara joandako nahiz ekitaldian parte hartu zein antolatutako guztiei eskerrak helarazi nahi izan zizkien. Eta nola ez, zorion mezua heldu zen segidan. "Zorionak 30 urte betetzeagatik, bejondeigula!", aldarrikatu zuen Agirrek.
Gogora ekarri zuen moduan, "1996an hasi zen abentura, euskaraz, kultura eta Usurbil bihotz, elkartea gorputz, aldizkaria mingain". Ordutik zenbat euri egin ote duen, zenbat aldatu garen, aldatu den mundua. Horren erakusle, kultur elkarte honen aurreko 25. urtemugan euskararen aterkipean bildu ginen eta aterkiak ere banatzen genituen. Egun, aldiz, klima aldaketaren erakusle, "bost urte pasa eta abanikoak, aterkien ordez".
Euskarak egun bizi duen testuinguruaz zertzelada batzuk ere gogora ekarri nahi izan zituen. "Kontzientzia gutxitu omen, epaileek gutxiesten jarraitzen dute ebazpenetan, beherakada erabileran, handiagoa mespretxua eta fobia..".
"Ez gaude lasai egoteko garaian"
Agirrek "sedukziorako tresna" gisa definituriko abanikoetara itzulita, haiek eragiteko beharrezko eskulana baliatu zuen metafora gisa, denok gogoan izaten segi dezagun, "beste 30 urte bete nahi baditugu, ezin dugulako hori ahaztu". Izan ere, "liluratuko gaituzte asmakizun berriekin eta ez izan zalantzarik. Baina eskuak erabiltzen ahazten bazaigu zer egongo da gure esku?", galdetu zuen lehendakariak.
Argi adierazi zuenez, "ez gaude lasai egoteko garaian. Abanikoak astindu eta seduzitzeko garaia da. Izan ere, alferrik izango da eta nor seduzitu ez dagoenean". Horretarako, "festarako grina adina behar dugu lanerako ere, bai euskara, bai kultura, bai herriak, gure esku jarri dezan. Bihotzetik bihotzera, gorputzetik gorputzera, mingainetik mingaiera, lau haizetara".