NOAUA! K.E.-k 30 urte

Usurbilekiko eta NOAUA!rekiko ezagutza sakona agertu dute, urtemuga ospakizuneko lehiaketan

Noaua Aldizkaria

NOAUA! K.E.-rekiko nahiz Usurbilekiko ezagutza jokoan jarri zen, bilgune honen larunbateko 30. urtemuga ospakizunean. Lehiaketak saltsa ederra piztu zuen parte hartzaileen artean.

Ekitaldi hasieratik argi utzi nahi izan zuten antolatzaileek ospakizunak ez zuela ekitaldi serio eta formala izan nahi, lagunarte giro ederreko topaketa bat baizik, hitzordu parte hartzailea gainera, irudiok argi erakutsi bezalaxe. Izan ere, NOAUA! K.E.-ren 30. urtemuga jaira joandakoek ekitaldiko omenduarekiko nahiz herri honekiko ezagutza maila neurtzeko aukera izan zuten.

Lehiaketa berezia antolatu zuen kultur elkarte honek. Unean bertan azaldu zitzaien nola parte hartu. Olanoenea plazan eseri zirenean, semaforoaren koloreko hiru txartel zituzten herritarrek. Lehiaketa galdera eta erantzunetan oinarriturikoa zen. Galdera bakoitzak hiru erantzun zituen. Erantzun zuzena asmatu behar zuten lehiakideek, zutitu eta haietako bakoitzari lotutako txartelaren kolore egokia goratuta.

Gogotik saiatu ziren hasieratik galdera guztiak asmatzen. Esaterako, Salbatore elizak zer nolako garaiera duen, zenbat langile dituen NOAUA! K.E.-k, zenbat haur eta hezitzaile mugiarazten dituen Udajolasek, zenbat ikustaldi izaten dituen atari honek, nor izan zen kultur elkarte honen lehen lehendakaria edota 0. aleko azalak zer itxura ote zuen.. Erantzunak asmatu ahala hurrengo galderen errondan parte hartzen segitzeko aukera zuten ikus-entzuleek.

Bi erronda egin ziren. Bakoitzean finalista bat izan zen. Buruz buruzkoa egin zuten amaieran. Bi finalistak, NOAUA! K.E.-ren langile ohi eta egungo alkate Agurtzane Solaberrieta eta Jexux Artze K.E.-ko kide eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan epaile gisa jardungo duen Jurgi Fuentes izan ziren. Mungiar usurbildartua izan zen azkenean, txapelduna. NOAUA! K.E.-ren produktu sorta eskuratu zuen.

Saltsa ederra sortu zuen hitzorduak.