NOAUA! K.E.-k 30 urte

Bidelagunekin gorazarre, 30 urteotako ibilbideari

Noaua Aldizkaria

30 urteak bere bidelagunekin ospatu nahi izan ditu NOAUA! Kultur Elkarteak, larunbat honetan Olanoenea plazan. Dantzak, umoreak eta lagunarte ederrak giroturiko ekitaldia izan da hasieratik amaieraraino.

Hiru hamarkada bete dituenez, NOAUA! Kultur Elkarteak ez du urtemuga oharkabean igarotzerik nahi izan. Horretarako, 30 urteotako bidelagunen bilkura ederra ospatu du larunbat honetan, irailaren 26an, kultur elkarte honentzat sinbolikoa izandako Potxoenea ondoko Olanoenea plazan. Eremu hau izan zen historikoki, NOAUA! K.E.-ren ibilbideko lehen urteetan, Sagardo Egunez bazkideak bildu eta talde argazkia ateratzeko hautaturiko lekua, NOAUA! K.E.-ren bidelagunen plaza ofiziala nolabait esatearren.

30 urte geroago, bertan elkartu nahi izan ditu bilgune honek hamarkadotan askotariko hartuemana izandako bidelagunak; irakurleak, eragileetako ordezkariak, egungo eta iraganeko langile, laguntzaile eta kolaboratzaileak...

Bertara joandakoak jolasean, hitza hartzen, herri sorkuntzaz gozarazten jarri zituen NOAUA! Kultur Elkarteak. Izan ere, Orbeldiren dantzari eta musikariek girotu zuten ekitaldia. Haien harrerarekin ekin zitzaion urtemuga ospakizunari. Tartean, Uxue Fernandezen eta Aitor Agirreren gorazarre bertsoak izan ziren. "NOAUA! faltako balitz gu zer izango ginake?" galdetu zuen Agirrek. Fernandezek aldarrikatu zuenez, "NOAUA!k nahi du herria sendo eta 2000 bazkide".

Aurrera begira, "aurpegia jartzen jarrai dezagun, eten ez dadin haria" galdegin zuen Agirrek eta Fernandezek "elkarrengandik sortu sareak, indartu denbora luzez, herritik eta herriarentzat nolanahi euskara hutsez".

Amaiera, Orbeldikoen eskutik heldu zen, elkarri eskutik helduta, dantzara batzeko gonbitarekin. Denek batera, kalejiran amaitu zuten Olanoeneako ekitaldia. Aitzakia izan zen, eserlekuetatik altxa eta bukaeran, 30. urtemugako argazkia ateratzeko.

Bi opari
Ospakizunera joandakoek etorri bezala jaso zuten lehen ezustekoa esertzeko lekuan; ekitaldian zehar antolaturiko lehiaketan parte hartzeko bitartekoekin batera, oparitxo bat. Aurretik eginiko kanpainetan, NOAUA! Kultur Elkartea euskararen aterpe zela irudikatzeko aterkiak eskuratzeko aukera eskaini genuen. 

Mundu mailako klima nabarmen aldatu da ordutik. Horren irudi argia izan da NOAUA! K.E.-ren 30. urtemuga ospakizuna. Aterkien ordez, oraingoan, material berrerabilgarriekin eginiko abaniko horiak eskuratu zituzten bertara joandakoek. Gainerakook asteotan eskuratzeko aukera izango duzue.

"Lau haizetara" aldarria daramate haizemaileok, kultur elkartearen irudiarekin batera. Atzokoan ez zen aparteko berorik baina udan argi geratu den moduan, ondoan izan beharko ditugu halakoak aurrerantzean ere.

Haizemailea eskuratu zuten, beraz, ospakizun ekitaldira joandakoek ekitaldi hasieran; eta, amaieran, edalontzi serigrafiatua. Urdaira sagardotegiko kupeletik sagardo ederra dastatuz, NOAUA! K.E.-ren bi opariekin topa eginez eta Artzabalgo jaki goxoen bueltan amaitu zuten atzoko Olanoeneako hitzordua. Beste 30 urte baietz!