"Gogoan al duzue zer nolako energia zegoen une hartan?" galdetu zuen Torregaraik hitza hartutako unean. NOAUA! K.E.-ren sorrera urteei buruz ari zen. Aurrean zituen, Olanoenea plazako ikus-entzuleen artean, urte haiek hurbiletik eta sorkuntza lanetan buru-belarri bizitako herritar eta NOAUA! kideak.
Beste herrietan gertatzen ari zen moduan, tokiko egitasmo hau abiarazteko asmoa heldu zen Usurbila ere. "Biltzen hasi ginen. Jende piloa du gogoan, adin ezberdinetakoa, bildu eta eztabaidatzen" eta erabakitzen, zer nolako maiztasunarekin argitaratu behar zuen aldizkari honek, zer nolako izena izango zuen... "Tabernetan jarri ziren zerrendak. Gogoan dut izen bat, oso polita; diyo. Diyo bazen Usurbilgo pertsonaia bat,. Kanta eta guzti zuen".
"NOAUA!k informazioa demokratizatu du Usurbilen"
Prestaketa lan guztien aitzakian, lagunartean eginiko hainbat eta hainbat otorduez oroitu zen lehendakari ohia. Egungo Kale Nagusiko KzGunearen egoitza dagoen tokian, garai batean Correos zaharraren eraikinean hasi zen jardunean kultur elkarte hau. "Kazetaritza ikasten ari ginen. Guri tokatzen zitzaigun erredakzioko lehen lanak egitea. Ez zen batere erraza, baina laguntza asko izan genuen".
Herri proiektu honi esker, Torregaraik nabarmendu zuenez, "NOAUA!k informazioa demokratizatu du Usurbilen". Izan ere, sorreratik bertatik etxe guztietara sartu da herri hedabide hau, eta harekin batera, euskara, noski. Papereko ediziotik gerora, digitalizaziora eramandako urratsa ere gogora ekarri nahi izan zuen Idoiak. "Noaua.eus ireki genuen. Balio izan du munduko plazan jartzeko".
Horrez gain, hamaika egitasmo, bizipen gehiago ere badira, lerrootan laburbildu ezin direnak. Baina 30 urteon ibilbideari buruzko zertzelada garrantzitsuena nabarmendu zuen Torregaraik. Sorreratik, "atzean jende piloa egon da 30 urteotan eta egongo da. Niri horrek harrotasun handia ematen dit".