Olanoenea plaza hautatu zuen NOAUA! Kultur Elkarteak bere 30. urtemuga ospatzeko, larunbatean, irailaren 26an, gune horrek sinbolismo berezia duelako. Sorrera urteetan, NOAUA! kideen talde argazkia ateratzen zuten bertan Sagardo Egunez. Herri proiektu hau abiarazi eta hiru hamarkada geroago, bidelagunok elkartu nahi izan ditu berriz kultur elkarteak, plaza horretan bertan eginiko ospakizunean. Izaera parte hartzaile nabarmeneko ekitaldi horretan zehar, mikro irekirako tartea eskaini zen. Hitza hartzeko aukera izan zuten, NOAUA!rekin nolabaiteko lotura izan zuten hainbat lagunek, nahi zutena adierazteko, oroitzeko, pasadizoak berritzeko...
Hartara, Olanoenea bizipenen plaza partekatuan bilakarazi zuten guztien artean. Lekukotza horiek ematen lehena, Maria Angeles Arruti izan zen. Tokiko hedabide honek Usurbilgo herri eta auzoen kronikak bildu zituen 1996. urteaz geroztik urte luzez. Hamaika herritar aritu zen, haien etxetik gertu, auzoan jazotakoaren berri ematen, Usurbilgo herri eta auzoetako ahotsa izaten.
Horien artean, Aginaga ordezkatu zuen kronista beteranoetako bat dugu Arruti. Irakurzaletasuna eta idazmena sustatzeko bide egokia izan zaiola NOAUA!, nabarmendu zuen. "Erdaraz errazago idazten nuen. Horregatik, idazketa hobetzen asko lagundu dit. Kronikak idazterakoan bet esaten nien laguntzeko", oroitu zigun.
Idazten soilik ez, informazio iturri oparoa izan zen Arruti inguruko kronista gehiagorentzat. Bera pozarren agertu zen, herri egitasmo honetan eginiko ekarpenaren bidez eskainitako laguntzagatik.
"Bultzada da eragile guztiontzat"
Lankidetza izan du kultur elkarte honek bere 30 urteotako beste ardatzetako bat. Herritar eta herri eragile gehiagorekin bideratu du elkarlana larunbat honetako bezalako ekintzak antolatzerakoan edota egitasmo gehiago ere gauzatzerakoan. Lankidetza horri buruz aritu zen hitza hartu zuen NOAUA! K.E.-ren beste bidelagunetako bat; Usurbilgo Euskal Kantu Taldearen sustatzaile eta ordezkari Mikel Usabiaga.
Elkarte honi "zorionik beroenak" helaraztearekin batera, "ondoan izan dugun altxor" gisa definitu zuen Usabiagak NOAUA!. Izan ere, "bera izan ez balitz, agian ez genituen izango kantu-liburuxkak", kultur elkarte honekin batera argitaraturikoak, kantu-jiretan eta haien gainerako dinamiketan baliatzen dituztenak.
Egitasmoetatik haratago nabarmendu zuenez, "herri honetan, saretuta egoteak badu bere garrantzia, sare horretako eragileen" berri herri egitasmo honen bidez jasotzen da "batek edo besteak zer egiten duen eta hori izugarri garrantzitsua iruditzen zait". Kantu Taldearen kasuan, "egiten ditugun ekimen guztiak plazaratzen dira. Hori izugarrizko bultzada da eragile guztiontzat. Asko eskertzen dugu zuen lana. Hainbeste laguntzen duzuelako, eskerrik asko".
"Zuek ireki zenuten bidea"
Kultur elkarte barruan, kronista, laguntzaile, dinamizatzaile, kazetari, publizista gisa... Askotariko zereginetan aritutako langile ohi ezagun batek ere hartu zuen hitza; egungo alkate, Agurtzane Solaberrieta Mesak. Kazetaritza ikasketak egiten ari ziren garaian, orduan hasi zen NOAUA!n. "Aurrez bazegoen herriko beste kazetari belaunaldi bat; Idoia, Gari, Josu eta Ainhoa. Gure erreferenteak izan dira, zuek ireki zenuten bidea".
NOAUA! K.E.-ri buruzko bere oroitzapenak zenbaezinak izanda, publizista gisa aritutako garaia ekarri nahi izan zuen gogora. "Garai hartan, lehen aldiz hasi ginen koloretako publizitatea sartzen. Ondo gogoan dut, gabonetako lehen ale hura. Tarifen halako liburuxka txikia prestatu genuen. Gabonetako ale hartan publizitate asko lortu genuen. Herriko merkatarien publi asko jarri genuen", gogorarazi zuen.
Sektore horri aitortza egin nahi izan zion. "Herri merkataritza bada NOAUA! K.E.-ren sostengu. Ea denok bihurtzen garen herri merkataritzaren sostengu, bide batez". Egindako lan haren harira, garai hartako zuzendari Olatz Altunaren zorion deia oroitu eta eskertu zuen.
Egun, oraindik, etxe honetan lanean jarraitzen dituen orduko bi lankide ekarri nahi izan zituen gogora; Alaitz Aizpurua eta Imanol Ubeda. "Garik eta biok egin gion elkarrizketa Imanoli. Hementxe jarraitzen du, eta neure tokia Alaitzek hartu zuen eta hementxe jarraitzen du oraindik. Beraz, eskerrik asko oraindik bioi!".
"Eskuzabalik hartu gintuzten"
Langile ohi baten ostean, egun beharrean jarraitzen duen lankide batek hartu zuen hitza; Iban Maritxalarrek. Urte luzeotan egin bezalaxe, fin asko, astero izaten duzue zuen etxeko txirrina jotzen, atea ireki eta astekaria zuen postontzietan sartzeko. Gogora ekarri zuen umore onez, zenbat eta zenbat siesta eten ote dituen urte hauetan guztietan. "Hurrengo astean ere hor ibiliko naiz", ohartarazi zien Olanoenea plazan bildutakoei.
NOAUA!ren banatzailea da Iban, baina baita Zirimara proiektuaren sustatzailea ere. Bertan dihardu lanean, egitasmoa abiarazi zutenetik. "Duela zortzi urte, Zirimararen proiektua jarri genuen martxan, aurretik, bi urteko lanketa egin ostean. NOAUA! K.E.-koengana joan ginen unean, eskuzabalik hartu gintuzten". Ibanek badu, bereziki gogoan izan duen beste oroitzapen bat ere. "Zirimarako langileekin batera, Korrikaren lekukoa eramateko aukera izan genuen. Oroitzapen hori betiko geratuko zait, NOAUA!ri esker. Milesker denoi".
"Herria egiteko tresna bat da"
NOAUA! K.E.-k hamaika egitasmo sustatu ditu 30 urteotan. Horien artean, berrienetako bat, zortzi atalez osaturiko "Attu" websaila dago, iazko Euskararen Egunaren harira plazaratu eta atari honetan bertan ikusi eta entzun dezakezuena. Herri esamoldeetan, haien berreskuratzean oinarritutako ikus-entzunezko horretan parte hartu zuten Malen Arregik eta Malen Azpiazuk.
Arregik gogora ekarri zuenez, "oso-oso ondo pasa genuen grabaketetan. Espero dugu herritarrek ere ondo pasa izana, gu grabaketa horietan ikusita. Guretzat egitasmoaren alderdi politena izan zen euskara lantzea, berreskuratzea, zabaltzea eta aldi berean, proiektu horrekin ondo pasa eta gozatzea".
Horregatik, zioenez, "guretzat NOAUA! ez da astekari soil bat, herria egiteko tresna bat da, eta gainera, euskaraz". Ildo beretik mintzatu zen baita Azpiazu. "Bizi ditugun garaiotan, garrantzitsua iruditzen zaigu euskararen aldeko ekimen eta proiektu hauek gauzatzea. Gazte bezala ardura handia dugu horretan ere eta hortik zetorren ere, Attu proiektuan izandako gure parte hartzea". Eskerrak helarazi zizkion kultur elkarte honi egitasmo horretan parte hartzeko aukera emateagatik, "eta batez ere, euskara eta herria bizirik mantentzeagatik".
Azokaren garrantzia
Urteroko egitasmo gehiago ere izaten ditu NOAUA! Kultur Elkarteak; besteak beste, abenduko San Tomas azoka. Egun horretan, herriko ekoizleen arteko babarrun eta sagardo lehiaketak antolatzen ditugu. Txapelketa horren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Eli Eizagirrek. Etxean parte hartzen dute bertan eta "guretzat mimo handiz zaintzen dugun gauza bat da". Garrantzitsutzat jotzen zuen, NOAUA! kultur elkartea izanik, ekimen horri tokia egitea. Izan ere, "Usurbilgo kulturaren parte dira baita baserritarrak ere. Pixkanaka urruntzen ari gara kultura horretatik". Horregatik egin nahi izan zion azpimarra, abenduko azokari.
Lehen atez atekoa
Bistan denez, NOAUA! K.E.-k hamaika bidelagun eskuzabal izan ditu urte hauetan guztietan. Horien artean da baita, Aintzane Aizpurua ere. Usurbilek hondakinekin egin zuen ezagun 2009. urtean, atez ateko bilketa sistema. Baina lehenagotik, hamarkada haren hasieran izan zuen bestelako atez atekorik ere; NOAUA! K.E.-k sustaturikoa hain zuzen, bazkide berriak erakartzeko bideraturikoa.
Zeregin horretan jardun zuen herrikideetako bat izan zen Aizpurua. "Hasi nintzenean, Errekatxiki inguruko etxebizitzak eraiki berriak zituzten". Iban banatzaileaz oroitu zen orduan, "zer zen txirrina jo eta inork ez irekitzea atea. Lehenengoak ireki zidanerako, gaueko 20:30ak ziren".
Atea ireki eta "zer saldu behar didazu?" galdera entzuten zuen. Berak ezetz, ez zetorrela ezer saltzera, "bazkidetza kanpaina bat" abiatu zuela NOAUA! K.E.-k eta hori sustatzen zebilela. "Ikaragarri ondo pasa nuen, jende piloa ezagutu nuen. Eskerrik asko benetan".