Udalbatzak behin betiko eta aho batez onartu zuen Usurbilgo herri-bideen inbentarioaren eguneratzea iragan osteguneko, irailaren 24ko osoko bilkuran. Usurbilgo Udalak 2014ko urrian onarturiko herri-bideen inbentarioa eguneratzea onartu zuen udalbatzak hasieraz eta aho batez, maiatzaren 28ko osoko bilkuran. Izan ere, aurreko hamarkadatik "hainbat aldaketa eta gertaera jazo dira herri-bideekin, baina ez da inbentarioaren berariazko eguneraketarik egin. Eguneraketa hau bideratzeko, nekazaritza eta ingurumen teknikariak herri-bideen inbentario eguneratua prestatu du".
Bederatzi aldaketa txertatu zituzten. Zubieta, Aginaga, Kalezar inguruetakoak dira proposaturiko aldaketak. Hasierako onarpen hori, jendaurrean jarri zuen hilabetez Usurbilgo Udalak, ekainaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren iragarkiaren bidez jakinarazi ostean. Tarte horretan, hiru alegazio aurkeztu ziren, iragan asteko osoko bilkuran udal gobernu taldeko kide Ainhoa Arrozpidek jakinarazi zuen moduan. Horren ostean, "ingurumen eta nekazaritza alorreko teknikariak egindako txostena eta proposamena Lurraldea Batzordean aztertu ziren eta alegazioei emandako erantzunak ere aintzat hartu ziren".
Hiru alegazioetatik bi aintzakotzat ez hartzea eta hirugarrena partzialki onartzea proposatu zuen udal gobernu taldeak hilaren 24ko osoko bilkuran. Udalbatzak aho bateko onespena eman zion proposamen horri.
Usurbilgo Herri Bideen Inbentarioa Josu Tellabidek eta Asier Agirresarobek 2011. urtean landu eta idatzitakoa da.