Udalbatzaren osoko bilkura

Oinarrizko Lanbide Heziketa beste bost urtez eskaintzeko dekretuaren indarraldia luzatuko dute

Noaua Aldizkaria

Atallun kokaturiko Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak beste bost urtez eskaintzen jarraitzeko dekretuaren indarraldia luzatzea erabaki zuen udalbatzak aho batez, irailaren 24ko osoko bilkuran.

Usurbilgo Udalak 2030-31 ikasturtera arte gutxienez, Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak eskaintzen jarraituko du Atallun. Hala erabaki zuen udalbatzak aho batez, irailaren 24ko osoko bilkuran. Bertan, "Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak emateko uztailaren 6ko 176/2021 Dekretuaren indarraldia 5 ikasturtez luzatzea" eta "eskumenaren eskuordetzea (2026-27, 2027-28, 2028-29, 2029-30, 2030-31)" bideratzea onartu zuten udal taldeek erabateko adostasunez, "haren egungo indarraldia amaitzen den egunetik aurrera".

Horrez gain, "eskuordetzeari lotutako finantzaketa" ere aho batez onartu zuen udalbatzak, "2026/2027 ikasturtetik 2030/2031 ikasturtera bitarteko bost ikasturtetarako". Udalbatzak onartutakoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari jakinaraziko dio Udalak.

Kontuhartzailetzaren ohartarazpena
Hezkuntza arloko udal gobernu taldeko zinegotzi Xabier Aranburu Leivak aipatu dekretu horri buruzko hainbat zehaztasun eskaini zizkien udalbatzako gainerako kideei. Bere esanetan, "Udalak zentroaren zuzendaritza eta kudeaketa zuzena egingo du eta Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ikuskapena eta kontrol pedagogiko eta ekonomikoa".

Orain arteko prestakuntza-zikloak eskaintzen jarraituko dute Atallun; ile-apainketa eta estetika eta sukaldaritza eta jatetxe arlokoak hain zuzen, bi ikasturtez. Dekretuak, gainera, finantzaketa eta ekonomia baldintzak zehazten ditu, hurrengo bost urteotako aurrekontuarekin batera. "2.036.466,20 eurokoa izango da gehienez; hau da, urtez urte finantzazioa %2 handitzea aurreikusten da" eta beharrezkoa balitz, Aranbururen esanetan, "Udalak hala erabakiz gero, baliabide gehigarriak jar ditzake".

Baina era berean, udal kontuhartzailetzak eginiko txostena aintzakotzat hartu beharra dagoela gaineratu zuen aipatu zinegotziak. Izan ere, horren arabera, "eskuordetzea izan den aldi honetan, 2021etik 26ra Eusko Jaurlaritzaren igoera %8koa izan da, %2koa urtero. Udalaren igoera bederatzi aldiz biderkatu da azkeneko bost urteotan; hasi 2021ean, lehenengo urtean 9.000 eurorekin eta 2026an 80.000 eurora iritsi arte. Hau da, Udalak azken bost urteotan, guztira, 224.000 euro jarri behar izan ditu, zerbitzuaren %11 bere gain hartuz".

Kontuhartzailetzaren txostenaren arabera, "egungo finantzaketa ereduak ez du bermatzen zerbitzuaren benetako kostu osoa estaltzea".

Argi geratu da Aranbururen esanetan, "azken urteotan, kostuaren igoera, %2a baino dezente handiagoa izan dela. Hezkuntza Sailak %2ra mugatu du finantziazioa. Berdin du, ze ikastaro mota ematen diren, zenbat ikasle dauden, zer herri den, denok dugu %2ko igoera". Horrez gain, "kostuen barruan, ez dira kontuan hartzen soldata kostuak, administrazio lanak igo egin direla, DUAL sistema martxan jarri dela".

Horrez gain, aipatu txostenak adierazten du, "finantzaketa autonomikoki berrikusteko mekanismorik ez dela aipatzen dokumentu horretan eta hau beharrezkoa izango litzatekeela, batez ere, kostuak asko igoko balira, Udala salduta gera litekeelako".

EHBilduren udal ordezkariaren esanetan, "Udalak finantzaketa gehigarri bat jar lezake, baina horrek beste udal zerbitzu eta eskumen batzuk finantzatzeko gaitasunean eragina izango luke". Horregatik, "kontuhartzaileak espedientea ez du gerarazten, baina osoko bilkurari jakinarazten dio, 2026-31 urteen arteko eskuordetzean, finantzaketa defizita sortzeko arriskua duela. Egoera hau, Hezkuntza Sailari komunikatu zaio bilera bidez eta ez du aldaketarik adierazi".