Besteak beste, diru kontuei ere tartea egin zien udalbatzak irailaren 24rako deitutako osoko bilkuran. Hiruhilero egin bezalaxe, udal kontuhartzaileak, batetik, aurtengo bigarren hiruhileko Aurrekontu Exekuzioari dagozkion xehetasunak eskaini zituen. Urtarriletik ekainera bitarte, "ohiko bidetik doaz bai diru-sarrerak eta baita gastuak ere".
2026ko bigarren hiruhilekoa desberdin egiten duena, "diru-sarrerei dagokienean, elektriken prezioen gorakada da. Guk fakturazioagatik kobratzen dugun tasak gora egin du, guk aurreikusitakoaren gainetik". Horrez gain, udal kontuhartzailearen arabera, "bazegoen Oiardo kiroldegiko iazko sutearengatik kalte-ordain gisa eman beharreko kopurua, sei milioi eurotik gorakoa. Hori ere aurreikusi gabekoa zen eta lehen seihilekoan onartu digute. Hori ere ezohiko diru-sarrera baten moduan jo daiteke".
Gainerakoan, gastuei dagokienean ere "ohiko bidetik goaz"; urte erdia igarota, "%50etik zertxobait behera". Elektriken eragina nabarmena izan bada ere diru-sarreretan, "gastuetan ez da hainbeste igo. Horri gehitu daiteke, igerilekua, argindar kontsumo handiena duena, itxita dagoela".
"Ez dago likidezia arazorik"
Ekainera arteko udal diru-sarrera eta gastuei buruzko xehetasunak eskaintzeaz gain, Ordainketen Batazbesteko Epeari buruzko argibideak ere eskaini zituen udal kontuhartzaileak irailaren 24ko osoko bilkuran. "1.173 faktura ordaindu dira, ia 1.977.000 euroko zenbatekoarekin, denak epealdi barruan, sei egunen barruan ordaindu izan da. Ez dago likidezia arazorik. Betiko martxan, legea betez ordaintzen ari gara".
Udal ordezkaritza aldaketa
Uda hasieran, kirol arloko zinegotzi Xabat Segurola Belokik kargua uztea erabaki zuen. Segurola "UEMAn eta Udalbiltzan udal ordezkari gisa izendatua zegoenez" izendapen horiek aldatzea onartu zuen udalbatzak aho batez, irailaren 24ko osoko bilkuran. Hala, aurrerantzean, Udalak UEMA-n izango duen ordezkaria Oxkar Santamaria Pikabea izango da eta bere ordezkoa, Joxe Mari Lizaso Azkonobieta. Udalbiltzako udal ordezkaria, aldiz, Ainhoa Arrozpide Landa izango da.