Udaltzaingoa ere Barrenkaleko egoitza berrian da

Noaua Aldizkaria

Ekainean gizarte zerbitzuen egoitza berria bertan kokatu ostean, gaurtik Udaltzaingoa ere Udalak Barrenkalen duen lokal berrituan kokatuko da.

Usurbilgo Udaltzaingoak egoitza berria izango du gaurtik, irailaren 29tik aurrera, Barrenkale 2an hain zuzen, ekainaz geroztik, gizarte zerbitzuek duten kokagunean hain zuzen. Udaletik aditzera eman dutenez, "Saila, orain arte, udaletxean zegoen kokatuta, baina txikia gelditua zitzaien eta espazio faltak eguneroko lanean eta herritarrekiko arretan eragiten zuela ohartarazi zuten udaletxeko barne espazioa berrantolatzeko prozesuan. Antzeko arazoak jakinarazi zituzten Gizarte Zerbitzuek ere, eta bi sailak Barrenkale 2 atarian udalak zuen lokalera pasatzea erabaki zen".

Gaurtik aurrera, beraz, bai udal gizarte zerbitzuak eta udaltzainak ere kokagune berean ariko dira lanean, Barrenkale 2ko udal egoitza berrituan. "Urte luzetan biltegi gisa erabili izan da Barrenkaleko lokala, eta udaberrian egin dira obrak. Bitan banatu da lokala, eta, hala, sail bakoitzak bere sarrera du: Udaltzaingoak Kale Nagusiko autobus geltokiaren ondoan, eta Gizarte Zerbitzuek Barrenkaleko maldaren ondoan. Ekain amaieran lekualdatu ziren Gizarte Zerbitzuak, eta Udaltzaingoaren txanda iritsi da, orain".

Udaletik nabarmendu dutenez, leku aldaketak nabarmen hobetuko du Udaltzaingoaren zerbitzua. "Udaltzainek erosoago lan egin ahal izateko espazioa lortzearekin batera, haiengana jotzen duten herritarren pribatutasuna bermatzea ahalbidetuko du Barrenkaleko lokalak. Gainerakoan, sailak ohiko funtzionamenduarekin jarraituko du, ordutegi berean. Udal-ekipamenduak erabiltzeko herritarrei uzten zaizkien giltzak itzultzeko buzoia ere badu lokal berriak".

Udaletik gogorarazid dutenez udaltzainek 07:30-21:00 artean lan egiten dute astelehenetik ostiraleta eta larunbatetan, 09:00-21:00 artean. Haiekin hartuemanetan jartzeko telefono zenbakia honako hauxe duzue: 943 361 112.


Gizarte zerbitzuak
Aipatu moduan, ekainaren 25az geroztik Barrenkale 2an dira udal gizarte zerbitzuak. Toki handiagoa izango dute aurrerantzean.  Gogoan izan, orain arte Kale Nagusia 43 behean kokatu dira udal zerbitzuok. "Baina txiki geratua zitzaien, eta herritarren pribatutasuna bermatzeko zailtasunak zituzten".

Orain arte bezala, aurrerantzean ere, ohiko ordutegian artatzen segiko dute Gizarte Zerbitzuek; astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00 artean, aipatu moduan, asteazkenetan izan ezik, "ez baita aurrez aurreko arreta zerbitzurik eskaintzen".