“Apelliduak abizendu” egitasmoa abian berriz

Noaua Aldizkaria

Buruntzaldeko sei udalerriek hamarkadotan sustaturiko kanpaina abiarazi dute berriz.

Andoaingo, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako, Urnietako eta Usurbilgo udalek, hau da, Buruntzaldeako sei udalerriek 2000. urtean abiarazitako egitasmoari lotutako kanpaina abiarazi dute berriz. Helburua, eskualdeko herritarrek haien izen-abizenak euskarazko grafiara egokitzea da. “Apelliduak Abizendu Buruntzaldeko sei udalen euskara zerbitzuek elkarlanean bultzatzen duten ekimenetako bat da, euskararen erabilera eta normalizazioa herritarren egunerokoan sustatzeko”. Sei udalek gogorarazi dutenez, izen-abizenak euskaratzea herritarren eskubidea da. Horregatik, behar horretan direnak informatu eta tramitazioa egitera animatu dituzte.

Bake-epaitegian
26 urteotan mila lagunek baino gehiagok bideratu dute euskaratze lan hori. “Hala ere, oraindik asko dira erdarazko grafiaz idazten diren euskal abizenak”, gogorarazi dute egitasmoaren sustatzaileek. Horregatik, nork bere izen-abizenak nola euskaratu argitzen laguntzeko informazio-diptikoak kaleratu dituzte eskualdeko udalek. Usurbilen, udal instalakuntzetan eskuratu ahalko dira. Kontuan izan, aipatu tramitazioa egiteko honako dokumentazioa prestatu behar da: errolda-agiria (udaletxean eskura daiteke), jaiotza-agiri literala (jaioterriko bake-epaitegian eskura daiteke), nortasun agiriaren fotokopia, familia-liburua edo bere baliokidea (ezkondua edo gurasoa izanez gero). Dokumentazio horrekin Bake Epaitegira jo behar da tramitazioa egitera.

Informazio gehiago bake-epaitegiko 943 372 336 telefono zenbakira deituta eskura dezakezue. Bestalde, izen-abizenen euskarazko grafia zuzena “Euskal Onomastikaren Datutegian” (EODA) kontsulta dezakezue. Bertara euskaltzaindia.eus atarian sartuta hel zaitezkete.