Arrobitxulo, Europako NEB saria irabazteko hautagai

Noaua Aldizkaria

Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, Europako "NEB Boost for Small Municipalities" sariketarako sailkatu da Arrobitxulo, etorkizunean ikastola pareko zelaian kokatuko den elkarguneko proiektua.

Saritua izan daiteke Arrobitxulo egitasmoa Europa mailan. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak. "Europako NEB Boost for Small Municipalities sariketan puntuaziorik altuena lortu duten 30 proiektuen zerrendan sartu da Arrobitxulo".

Sariketa urriaren 15ean eta 16an izango da Bruselan eta Udaletik iragarri dutenez, erakunde horretako ordezkaritza bat bertan izango da. "Europako hainbat herrialdetako 30 proiekturen ordezkariak elkartu eta esku artean dituzten erronkak gainerakoekin konpartitzea da helburua; esperientziak trukatu eta elkarrengandik ikastea ahalbidetuko du, beraz, sariketak".

Iaztik
20.000 biztanlez azpiko udalerrietako egitasmoak saritzen ditu, "proiektuen hastapenetan izan ditzaketen oztopoak gainditzen lagundu eta bultzada emateko. Proiektuek NEB ekimenaren balioekin eta lan printzipioekin bat egin behar dute".

Udalerri txikiei zuzenduriko "NEB Boost for Small Municipalities deialdia" iaz abiarazi zuten Europako Batzordeak, baina lehenago, 2021. urtean NEB New European Bauhaus sariketa.

"NEB kontzeptua hiru balio edo filosofiak osatzen dute: iraunkortasuna (ingurumen helburuak, zirkulartasuna, kutsadura murriztea edo bioaniztasuna), inklusibotasuna (aniztasuna eta irisgarritasun segurua) eta proiektuen edertasuna eta kalitatea pertsonen onurarako baliatzea. Lan printzipioak, aldiz, partaidetza, maila anitzeko komunitatearen inplikazioa eta diziplinartekotasuna dira".