Bederatzi urteren ondoren, nolakoa izan da agurra?
Gogorra. Aurten garbi nuen utzi egingo nuela. Abuztu aldera esaten dute ea jarraituko dudan ala ez. Nik jarraitzea nahi zuten, baina nik argi nuen ondo bukatu nahi nuela. Askotan ez da erraza izaten ondo bukatzea, baina aurten ikusita uda nahikoa lasaia izan dugula eta sailkapeneko erdialdean ibili garela, momentu ona iruditu zitzaidan. Gainera, ni Ondarrun hasi nintzenetik pertsona bakarra gelditzen zen nirekin urte guztietan arraun egin duena. Gaur egun, belaunaldi berri bat sartu da, ni Ondarrun sartu nintzenean hamabi edo hamahiru urte izango zituztenak. Etxeko zazpi gazte ere titularrak dira lehenengo mailan eta asentatuta daudela ikusten nituen. Iruditu zitzaidan kluba ondo zegoela eta uzteko momentua zela.
Zergatik orain?
Bidaiekin nekatu egiten zarela konturatzen zara. Ordu eta erdi gehi bertan pasatzen duzuna, egunero horrela ibiltzeak nekatu egiten zaitu. Denborarekin motibazioa jaisten ari zela ere nabaritu nuen, eta finean, zuk talde bat entrenatu behar duzunean hori erakutsi behar diozu taldeari, gogotsu zaudela. Iruditzen zitzaidan urtebete gehiago luzatuz gero, pilak nahiko justu neuzkala, eta ondo bukatu nahi nuen.
Erabakia hartu nuenetik, pasa den aste bakoitzean, erabakiarekin asmatu nuela errepikatzen nion nire buruari. Gustura nago hartutako erabakiarekin, baina aldi berean pena dut. Han, lagun asko egin ditut, eta jendeak oso ondo tratatu nau.
Azken asteak eromena izan dira, negar pixka bat ere egin dut, baina oso-oso gustura nago. Nik goizean zortzi ordu lan egiten ditut, bazkaldu eta Ondarroara joaten naiz. Bi lan dira eta horrek neke handia dakar. Zortea dut bederatzi urte hauetan gauzak ondo atera direlako. Data hauetan denboraldia amaitu dela dirudi, baina entrenatzaile batentzat entrenamendurik ez dagoen garai hauek dira txarrenak. Buruhauste handia izango zen arraunlariak konbentzitzea eta gorputzak gelditzea eskatzen zidan. Lasaitasuna bilatzen nuen.
Nola oroitzen dituzu Ondarrun bizitako bederatzi urteak?
Oso-oso onak izan dira. Hara iritsi nintzenean, niretzako erronka handia izan zen lehenengo mailan entrenatzaile lanetan aritzea. Hasieratik dena oso ondo atera da, Kontxarako sailkapenak eta bi bandera irabaztea. Egunero entrenatzera gustura joateko aukera eduki dut, nik ez dut alferkeriarik eduki entrenatzera joateko. Han ezagutu dudan jendea zoragarria izan da, klubean ere beti erraztasunak eman dizkidate, lana nire erara egin dut, euskaraz eta euskal giroan lan egiteko aukera izan dut, eta hori niretzako pribilegio bat da. Oroitzapen oso onak ditut. Ez daukat ezer txarrik esateko.
Zein momentu bilakatu da ahaztezina?
Handiena, agian, 2019an Kontxarako sailkatu ginenean izan zen. Ondarruk 23 urte zeramatzan sailkatu gabe, eta gainera, sailkapen estropada irabazi genuen. Arrapalara ailegatu Donostian, eta dena zalez beteta ikustea izugarria izan zen. Gero, 2021ean lehenengo bandera irabazi genuen Zierbenan, hori ere oso polita izan zen. Hurrengo urtean, 2022an, Ondarroako festetan herriko bandera irabaztea eta ibaia dena zalez beteta ikustea mundiala izan zen.
Eta orain, etorkizunera begira, zer egingo duzu?
Nik arrauna momentuz utzi dut nire erabakia izan delako, baina ez dut alde batera uzten beste talderen bat edo Ondarru bera entrenatzea. Baina orain, zaila ikusten dut motibatuko nauen aukeraren suertatzea.
Zer eman dizu arraunak?
Lagun asko. Duela hogei urte nirekin arraunean ibili zen kantabriar batekin hitz egin dut duela ez hainbeste. Niretzako lan bat izan da, ogibidea ere bai, zortzi urtez lanik egin gabe ibili nintzelako arraunerako. Baina arraunean ez dakizu hurrengo urtean zer gertatuko den, eta horregatik hartu nuen enpresako lana eta biak uztartzen nituen.
Usurbildarrak arraunera animatuko zenituzke?
Mundu guztia animatuko nuke arrauna egitera, baina egia da kirol oso gogorra dela eta sakrifikatua. Hori ere orain nabaritu da, orain zailagoa ikusten dut jendeak beste gauza askotan izen ematea lehen baino, eta arrauna lotura handia da. Egia da talde lana denean, konpromiso hori dagoenean eta gauzak lortzen direnean oso polita dela, baina denbora asko kentzen du, larunbatetan eta igandetan entrenatu egin behar da. Behintzat, kirola egitera animatzen ditut, eta arrauna probatu nahi duenak dudarik gabe probatu dezala. Probatu duten askok harrapatu egiten ditu arraunak, baina garbi dago denbora asko eskatzen duen kirola dela.