Gerturatzen doa, Oiardo kirolegiko igerilekua eta sauna berriz irekitzeko garaia. Aldaketarik ezean, Usurbilgo Udalak azaroaren 2rako du finkatua, iazko abuztuko suteak kaltetutako eremua martxan jartzeko eguna. Hori horrela izanik, bertan eskainiko diren uretako ikastaroetan izena emateko epealdia finkatu du Usurbilgo Udalak. Izan ere, ostegun honetatik, urriaren 1etik 12ra matrikulatu ahalko da eskaintza horretan.
Azken urteon antzera, Udalak galdetegi bat prestatu du. Hori osatuta bideratu ahalko da izen-ematea. Esteka honetan eskura dezakezue aipatu galdetegia: Oiardo kiroldegiko uretako ikastaroak
Urtero moduan, "izen-emate kopuruak eskainitako plaza kopurua gaindituko balu, Usurbilgo kiroldegian abonatu direnek lehentasuna izango lukete, eta, beharrezkoa balitz, zozketa egingo lukete, urriaren 15ean".
Xedea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea
Gogoan izan, urtean zehar noiznahi, %50-90 arteko udal hobariak eska ditzakete Oiardo kiroldegiko ikastaroetarako, "Usurbilen erroldatutako eta baldintza ekonomikoak betetzen dituzten bizikidetza-unitateek" udaletxera joanda, 943 371 951 telefono zenbakira deituta edo errenta@usurbil.eus helbidera idatzita.
Udaletik gogora ekarri dutenez, "Usurbilgo Jarduera Fisiko eta Kirol Sailaren helburua da herritarren bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, ariketa fisikoa egitea sustatu nahi dugu, osasuntsuago izateko eta gaixotasunei aurre hartzeko". Helburu horri begira, askotariko taldeekin hartuemanetan da Udala, "kirol elkarte, eskola, ikastola eta herriko beste talde eta elkarteekin".
Hona hemen, Oiardo kiroldegiko igerilekuan eskainiko diren ikastaroen zerrenda. "Hainbat aukera eskaintzen ditugu, hala nola, kirol instalazioetan abonatua izatea, norbera bere kasa etorri eta ariketa egiteko; urte guztiko ikastaroak zein ikastaro puntualak eta txapelketak".
-0-16 urte artekoentzat: haurtxoak (0-1), haurtxoak (2-3), HH3, HH4, HH5, LH1, LH2, LH3-4, LH5-6, igeriketa gazte (+12 urte).
-16 urtetik gorakoentzat: aquagym, aquagym +1, hastapena, hobekuntza, errendimendua, konbinatua (igeriketa + tonifikazioa), konbinatua (igeriketa + spinning), konbinatua (igeriketa + aquagym), igeriketa +1.
Informazio gehiago- bideotatik jaso ahalko da:
Oiardo kiroldegiko uretako ikastaroen eskaintza
943 37 24 98
kirola@usurbil.eus
Oiardo kiroldegiaren ordutegia:
-Lanegunak: 06:30-21:30.
-Larunbatak: 08:30-21:30.
-Igandeak eta jaiegunak: 08:30-14:30.
-Asteazkenak, 09:00-11:00: doako Kirol Orientazio Zerbitzua.
Konponketa lanen azken txanpa
Udalak hilabete hasieran jakinarazi zuenez, martxa onean doaz, Oiardoko igerilekua eta sauna konpontzeko Igez Eraikuntzak enpresaren lanak. "Esleipendunek azaldu dutenez, azpiegiturak izan ziren kaltetuenak sutean, eta horrek eskatu die lan gehiena. Obrak urriaren hasieran amaitzea espero dute, eta, ondoren, irekiera prestatu behar da, baldintza guztiak betetzen direla bermatzeko. Aurreikuspenen arabera, azaroaren 2an irekiko dira bi eremuak, batera".