Euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren hirugarren edizioa azken txanpan da. Bertan ondutako lanak ikusgai izaten segiko duzue halere, udazken honetan. Helbide honetan kontsulta dezakezue, hitzorduon agenda: https://www.udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/
Edizio honetan, "zazpi komiki, hamaika ipuin, zortzi antzezlan eta lau film labur" ekoitzi dira. Guztira, 30 sortzaile eta beste hainbeste herri edo herri multzok parte hartu du ekimenean. Egitasmoari lotutako erakusketa antolatu dute Udalbiltzak eta bertako kide den Usurbilgo Udalak. Ikusgai duzue egunotan, Sutegiko erakusleihoan.
Antzezlan eta ipuin bana
Herri honi lotutako bi egitasmo daude hirugarren edizioko uztaren baitan, erakusketan bertan jasoak. Batetik, “Hamaika irakurtzeko jaioak” izeneko bilduman jasoa dago Ixabel Agirresarobe Arzallusek iaz Arabako eta Nafarroako udalerri mugakide Asparrenan eta Ziordian egindako egonaldian sortutako "Hau, hori, (H)ura" izeneko ipuina.
Bestalde, Jon Ander Urresti bermeoarrak aurreko urtean Usurbilen eginiko egonaldian sortu zuen "Kolapsoa" izeneko antzezlana. "Publizitate agentzia honetako hiru kideak edozer saltzeko kapaz dira. Den-dena, baita behar ez duzuna ere. Batik bat, behar ez duzuna. Despistatu, eta bi buruko koilara bat salduko dizute azkarrago bazkalduko duzula esanda. Edo ohe birakari bat, gauero estresa zentrifugatuko dizuna. Edozer. Txakurrentzako katiuskak eta arbolentzako aterkiak. Jendea Arabar Errioxan ardo urdina eskatzera iritsi zen hauen kanpaina baten ondotik. Azken orduko gertaera batek, ordea, hankaz gora jarriko du agentzia. Gauza bakar bat saltzea lortu behar dute: gehiago ez erosteko gogoa".
Martxoan ikusi ahal izan zen estreinakoz Sutegin, baina gainerako sorkuntza lanak bezalaxe, Euskal Herrian barrena eskaintzen ari dira hilabeteotan. Irailaren 19an Lekunberrin, hilaren 27an Baztanen, urriaren 9an Ikaztegietan, azaroaren 13an Gorlizen edota abenduaren 5ean Asparrenan ikusi ahalko duzue.
Gogoan izan, Udalbiltzaren egitasmoko sortzaileek esleitutako udalerrian eginiko egonaldietatik ondu zituzten haien lanak.
Bi urteroko egitasmo honen laugarren edizioa, udazken honetan bertan abiaraztekoak dira.
