Herri bizitza urrian

Azken jaiak, proiekzio, erakusketa eta literatura zikloekin batera urrian

Noaua Aldizkaria

Udako ospakizunen ziklo amaiera eta askotariko hitzorduak tartekatuko dira hurrengo asteotan.

Udazken betean murgilaraziko gaituen urteko hamargarren hilabetea estreinatu dugu gaur. Urrian sartzearekin batera, ohi den moduan, hamaika ekintza antolatu dira Usurbilen. Hasteko, uda garaiko azken ospakizun zikloa ate joka datorkigu. Izan ere, Aginaga jai gro betean izango da datozen bi asteburuotan, urriaren 2tik 10era hain zuzen. Ostiral honetan, hilaren 2an ekingo diete festei, aginagarren arteko herri kirol erakustaldiarekin, txupinazoarekin eta horren osteko erromeri eta buruhandien lehen irteerarekin. Oilasko biltzaileen eta herri afariaren txanda izango da larunbatean eta San Praixku eguneko bertso hamaiketako eta txapelketen arratsaldearena igandean.

San Praixkuen bigarren asteburuari dagokionean, haurrei zuzenduriko jolas, txokolate jan, puzgarri edota Lauburu konpartsaren aurtengo azken irteera izango da, txikienen ospakizun egunean. Gazteek hartuko dute gero lekukoa, urriaren 9an, afari eta afalosteko kontzertu gauarekin. Biharamunean, estropadak antolatu dituzte Orian; trainerilla txapelketaren itzulera. Amaitzeko, gaupasa musikatua izango dute Aginagan.

Arrauna, raid-a, lasterketa...
Estropadak izango dira Aginagan, baina kirol hitzordu gehiago ere ekarriko ditu hilabete honek; hasteko, Zubieta Pilota Elkarteak 2. Errebote Eguna iragarri du asteburu honetarako, urriaren 3 eta 4rako, aipatu jokoa ezagutarazi, biziberritu eta sustatzeko. Neurketak edota ekintza parte hartzaileak iragarri dituzte Zubietan.

Urriko bigarren astebururako, aldiz, zaldien eta zaldizkoen erresistentzia jokoan jarriko du Usurbilgo 2. Raid-ak. Hilaren 10erako iragarri dute, estreinakoz, iaz, Urdaiagan antolaturiko ekimena.

Kirol hitzorduei dagokienean, Zubietara itzulita, bertatik igaroko da urriaren 25ean, 29. Lasarte-Oria Bai kros herrikoia. Goizeko 10:30etan abiatuko da Lasarte-Oriako Geltoki kaletik. Hipodromo ingurutik barrena, Zubieta erdigunea zeharkatuko du lehenik, eta, segidan, Aliriko zubitik igarota, Txikierdi ingurua.

Proiekzioak
Zubietari dagokionean, bada bestelako hitzordurik ere. Alex Tellok zuzendutako bere estreinako lehen film luzea proiektatuko du Zubieta Lantzen elkarteak ostiralean, urriaren 2an, 19:00etan Zubieta Lanbide Eskolan; "Animo" izenekoa hain zuzen. Egilea bertan izango da, proiekzioaren osteko solasaldirako.

Ikus-entzunezko lan gehiago ere proiektatuko dira. Txirikorda, Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak zineforuma antolatu du belaunaldi helduenarentzat urriaren 29an.

Beste proiekzio bat. Azken txanpan murgilduko da, udaberriaz geroztik Udalak herri eragile gehiagorekin lankidetzan antolaturiko zikloa; "Komunitatetik heriotzaz" izenekoa. "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak", aitaren begiradatik seme-alaben galerari lotutako dolua aztergai duen dokumentala eskainiko dute urriaren 18an Sutegin.

Erakusketak
Honako hilabete hau, erakusketen urria izango dugu. Egunotan, Udalbiltzak eta bertako kide den Usurbilgo Udalak, biek sustaturiko Geuretik Sortuak egitasmoari lotutako erakusketa ikusgai jarri dute Sutegiko erakusleihoan. Euskarazko kultur sorkuntza bultzatzea du xede egitasmo horrek. Hirugarren edizioan parte hartu dute Ixabel Agirresarobe herrikideak. Bestalde, Usurbilen egindako egonalditik "Kolapsoa" antzezlana ere ondu zuen Jon Ander Urresti sortzaile bermeoarrak.

Erakusketa horren ondotik, sagardotarako baliatzen diren sagar barietate zabalaren lagin bat ikusgai jarriko du kultur-etxeko areto berean, Alkartasuna Kooperatibak; egunotan, Atalluko egoitzan ikusgai jarritakoa hain zuzen.

Haien ostean, Aitzinera elkarteak izen bereko erakusketa kokatuko du leku berean.

Amaitzeko, Udarregi ikastolak "Habitat. Ezkutatu diguten historia" izeneko erakusketa eta bisita gidatua iragarri ditu Potxoenean, urriaren 22an.

Letren hilabetea
Literaturak tarte berezia izango du baita, gaurtik hasita urrian zehar; hilaren 21erako "emakumea, gorputz-irudia eta kirola: presioetatik ongizatera" izeneko hitzaldia eskaini aurretik, Onintza Enbeitaren “Bizitza baten txatalak, andre bat lurrari emana” liburuaren aukezpena antolatu du gaurko Usurbilgo Emakumeon Etxeak. Segida izango duten saiook hilabete honen bigarren hamabostaldian ere. Izan ere, udako etenaldiaren ostean, Sutegi udal liburutegiak ekintzen zikloari ekingo dio, hilaren 14an gaztelaniazko literatur solasaldiarekin, hilaren 23an Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketarekin, hilaren 27ko kultura matrilinealari buruzko hitzaldiarekin nahiz biharamuneko "Ameli eta Xirrikituren jostunak" izeneko ipuin kontakizunarekin.

Segidan, Bootegiren bosgarren jaialdia ospatuko da, urriaren 30etik azaroaren 1era hain zuzen. Euskarazko literatura guztion esku sarean jartzen diharduen elkarteak ekimen berriak eta edizio luzeagoa iragarri du aurtengorako. Ruper Ordorika izango du protagonista nagusia datorren Booktegi jaialdiak. Solasaldia izango da berarekin edota bere kontzertua. Horrez gain, aurreko edizioetako "Elkarri Irakurriz" solasaldiak, Udarregi ikastolakoen Booktubers egitasmoaren aurkezpena edota Arbaso Eguna mahai-jolasari tartea ere egingo diote. Beste bi ekimen berriekin amaituko dute zikloa; Mihise musika taldearen "Ahaldatu" dokumentalarekin nahiz Anariren abestien interpretazioan oinarrituriko "Anariketa" hitzorduarekin.

Bertsolaritza
Abian da, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Lehiaketa horretatik kanpoko saiorik izango da gurean, bi hitzordu hain zuzen. Hasteko, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak bideraturiko bisita gidatuen eskaintzaren  baitan, Alkartasuna Kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak sagardoaren kulturan barneratzeko bertso ibilaldia antolatu du larunbaterako, urriaren 3rako Txokoldetik hasita. Maialen Lujanbiok eta Andoni Egañak bertsotan girotuko dute ibilaldia eta Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak aipatu gaiari buruzko azalpenak eskainiko ditu.

Lujanbiok Santuenea Kultur Elkarteak hilaren 16an, Ibai-Ondo elkartean antolaturiko bertso-afarian parte hartuko du, Ane Labakarekin eta Miren Artetxerekin batera.

Kantuan segiko dugu hilabete amaierara arte. Urriko kantu-jira, hilaren 31n egingo dute.

Mobilizazioak
Usurbilgo Sarek hitzordu bikoitza iragarri du urrirako. Azken ostiraleko elkarretaratzearekin batera, aldez aurretik, horma-irudi bat sortzeko deialdia egingo du hilaren 17rako. Asteotan eskainiko ditu Sarek, xehetasun gehiago.

Bistan denez, hamaika hitzordu izango ditugu hilabete honetan ere. Xehetasun gehiago bideotatik jaso ditzakezue:
noaua.eus/agenda
usurbilkultura.eus