2027ko jaiegunen egutegia, erabat onartua

Noaua Aldizkaria

Gipuzkoako tokiko jaiegunen 2027rako egutegia (tartean, Usurbilgoa) onartu du Lan eta Gizarte Segurantzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak.

2027ko jaiegunen egutegia guztiz onartua dago jada. Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ekainaren 9ko bilkuran, hamabi jaiegun izendatu zituen 2027rako. Horiez gain, beste jaiegun bat izendatzen da herrialde mailan, gure kasuan, Gipuzkoakoa. Azkenik, udalerri bakoitzak herri mailako jaieguna izendatzeko aukera du.

Azken aukeraketa hori egitea, tokian tokiko udalbatzei dagokie. Usurbilgoak, ohi bezala, 2027rako uztailaren 2a udalerri mailako jaiegun izatea erabaki zuen, uztailaren 23an eginiko osoko bilkuran. Erabaki hori onetsi du baita Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Segurantzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak. Gipuzkoako tokiko jaiegunen 2027rako egutegia onartu duela berri eman eta plazaratu du, ostegun honetako, urriaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Udalerri bakoitzak hurrengo urterako onarturiko jaieguna zehaztu du. Horrekin batera, Gipuzkoa mailako jaieguna zein izango den ere onartu du. Ohi bezala, uztailaren 31 izango da.

Lehen Euskal Gobernuaren 90. urtemuga
Aipatu moduan, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ekainaren 9an eginiko bilkuran, hamabi jaiegun izendatu zituen 2027rako. Gehienak iazko berak izango dira, erlijio ospakizunei nahiz Espainiako naziotasunari lotutakoak. Baina bada salbuespen bat. Izan ere, hurrengo urteak jaiegun berri bat izango du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ostegunez egokituko den urriaren 7a. "Euskadiko lehen Gobernua eratu zeneko 90. urteurrena", oroituko da jaiegun horretan. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eginiko proposamena izan da jaiegun berri hori txertatzearena. Ekainaren 9ko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onespena eman zion berrikuntza horri. Datorren urteko martxoaren 19ko jaieguna ordezkatuko du.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ekainaren 9an hartutako erabakia argitaratu zuen uztailaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez.

2027ko jaiegunen egutegia
-Urtarrilak 1 (Urteberria).
-Urtarrilak 6 (Errege eguna).
-Martxoak 25 (Ostegun Santua).
-Martxoak 26 (Ostiral Santua).
-Martxoak 29 (Pazko Astelehena).
-Maiatzak 1 (Lanaren Eguna).
-Uztailak 2, Usurbilgo jaieguna (Santixabel Eguna).
-Uztailak 31, Gipuzkoako jaieguna (Loiolako San Inazio Eguna).
-Urriak 7 (Euskadiko lehen Gobernuaren urteurrena).
-Urriak 12 (Jai Nazionala).
-Azaroak 1 (Domu Santu eguna).
-Abenduak 6 (Konstituzio eguna).
-Abenduak 8 (Sortzez garbia).
-Abenduak 25 (Eguberri eguna).