Udalerri honetatik igaro edota herri barruan ditugun autobus eta tren zerbitzuen berri eman ohi du urtero, NOAUA! Kultur Elkarteak argitara emandako poltsikoan izateko moduko garraio zerbitzuon ordutegiak.
Aurtengoa, iragan asteko aldizkariarekin batera banatu eta jasoko zenuten postontzian. Baina adi, ohi bezala, gehiago eskuratzeko beharra izanez gero, kultur elkarteak Bordaberri 3an duen egoitzara edota udaletxera jo beharko duzue. Telematikoki ere, atari honetan bertan eskuratu ahalko duzue.
Berritua
Garraio zerbitzuen eskaintzan izandako aldaketak jaso ohi ditu urtero, paperezko euskarri horrek; aurtengoak ere bai. 2026koari dagokionean, gogoan izan, BU15 linea berria abiarazi zutela irailaren 21ean. Donostia eta Zubietako Eskuzaitzeta lotzen ditu egunero zerbitzu berri horrek.
Gainerakoan, Aginaga eta Usurbil ospitaleekin lotzen duen BU02 linea, Usurbil Hernanirekin lotzen duen BU10 linea ditu herri honek. Horrez gain, Zumaia eta Donostia artean egunero eskaintzen den UK09 autobus zerbitzua ere udalerri honetatik igarotzen da, baita larunbat gauetan UK49G linea ere.
Azkenik, herri barruko Bidez Bide zerbitzua dugu, herri erdigunea Usurbilgo herri eta auzoekin nahiz landa eremuarekin lotzen duen doako udal zerbitzua.
Horiek autobus edo bus taxi zerbitzuak. Tren zerbitzua ere badugu Usurbilen. Euskotrenek eskainitako zerbitzuen berri ere eman ohi du NOAUA! K.E.-ren ordutegiak.
