Beñat Lizaso Muxikak Euskal Pilotako Munduko Txapelketan parte hartuko du

Noaua Aldizkaria

Urriaren 15etik 24ra Argentinan eta Uruguain jokatuko den Euskal Pilotako Munduko Txapelketan parte hartuko du estreinakoz, Euskal Pilota Selekzioak. Parte hartzaileen artean izango da Beñat Lizaso Muxika usurbildarra.

Euskal Pilota Selekzioak lehen aldiz parte hartuko du Euskal Pilotako Munduko Txapelketan. Lehiaketa horren hogeigarren edizioa, urriaren 15etik 24ra jokatuko da Argentinan (Buenos Airesen) eta Uruguain (Colonia del Sacramenton). 41 pilotarik ordezkatuko dute aipatu euskal selekzioa; haien artean, usurbildar batek; Beñat Lizaso Muxikak hain zuzen.

Ostegun honetan, urriaren lehenean egin du aurkezpen saioa euskal selekzioak Gasteizen. Aipatu moduan, 41 pilotarik eta haiekin batera, bederatzi hautatzailek parte hartuko dute mundu mailako hitzordu entzutetsu horretan.

Hamahiru modalitateetan lehiatuko dira pilotariok: 54 zein 36 metrotan zestaz;  36 metrotan, eskuz, paleta larruz eta paleta motzarekin; parapilotan frontoian eta trinketean; 30 metroko frontoian gomazko paletarekin; eta frontball zein xarean.  

Beste hamalau herrialdeetako selekzioekin lehiatuko dira euskaldunak.

2008tik ari da lehiatzen Beñat pilota egokituan. Euskal Pilotako Munduko Txapelketako aurreko edizioa Euskal Herrian, Biarritzen jokatu zen 2022. urtean. Duela lau urteko ekinaldi hartan Espainiako selekzioarekin egin behar izan zuen erakustaldia Lizasok. Oraingo honetan, ordea, pozarren agertu da usurbildarra; batetik, euskal selekzioarekin jokatu ahal izango duelako, eta, bestalde, modalitate ofiziala izango dela berea.