Udazkeneko lehen abisuaren ohartarazpena egin du Euskalmet meteorologia agentziak. Izan ere, larunbat arratsalde eta iluntzean, urriaren 3an, abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik" eta baita "prezipitazio iraunkorragatik" ere. Euskalmet-en arabera, arratsaldeko 18:00etan hasi eta igande goizaldeko 6:00ak arte.
Prezipitazio iraunkorrak izan ditzakegu. "Hamabi orduan 60 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, zenbait lekutan iraunkorrak izan daitezke eta baliteke handiak izatea; ez da baztertzen oso handiak izatea", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.
Horrez gain, prezipitazio handiagatik ere abisu horian izango garela jakinarazi du aipatu meteorologia agentziak. "Ordubetean, 20 l/m² baino gehiago pila daitezke; zenbait lekutan 30 l/m² baino gehiago pilatuko direnik ezin da baztertu. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke, eta ez da baztertzen oso handiak izatea", Euskalmet-en arabera.
Aipatu meteorologia agentziaren arabera, larunbatean, "arratsalde-gauean, zaparrada trumoitsu ertainak egingo ditu. Baliteke noizbehinka handiak izatea. Goizean goiz hego-ekialdeko haizea ibiliko da, arratsaldean ipar-ekialdekoa. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Igandean, urriaren 4an, "zerua oso hodeitsu egongo da. Noizbehinka zaparrada trumoitsuak egingo ditu. Ipar-haizea nagusi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".
Astelehenean, hilaren 5ean, Euskalmet-en arabera, "zerua tarteka hodeitsu egongo da; hodeitza ugariagoa izango da egunaren bigarren partean. Euria eta zaparrada batzuk egin ditzake, bereziki egunaren bigarren partean. Eki-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da.. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.