Merezitako sari bikoitza Udarregi ikastolarentzat, gaurko Kilometroak jaialdi seinalatuan. Izan ere, 50 urte bete ditu Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiak. Abiapuntuan, sorrera urtean eginiko kokagunera itzuli da ekimena, Lazkaora. Bertako ikastolaren aldeko jaialdia giro ederrean ospatu dute urriko lehen igande honetan, hilaren 4an, "ibilian-ibilian, buelta!" aldarripean. Milaka euskaltzale batu ditu, denetariko ekintzei tartea egindako aldarrikapen eta festa egunak.
Lau guneetan multzokatu dituzte antolatuak zituzten ekintzak. Hitzorduon artean bazen bat, gune gehienetara zabaldu dutena; Gipuzkoako ikastoletako ikasleak lehian jartzen dituen Erronka hain zuzen. Hainbat joko eta -ekimenaren izenari ohore eginez- erronka bete behar zituzten ikasleek. Usurbilek ere herri ordezkaritza izan du bertan, Udarregi ikastolaren DBH4. mailako ikasleen eskutik.
Ekimenean parte hartzeaz gain, aurtengoan haiek nagusi! Izan ere, mila euroko lehen saria eskuratu dute, alajaina! Ez hori soilik. Izan ere, sari baten faltan bi irabazi dituzte. Erronka egun horri begira, sormena sustatzea xede zuen bideo lehiaketa bat ere antolatua zuten Kilometroak jaialdiko antolatzaileek. Deialdi horretan ere parte hartu zuten ikastolakoek. Txapelketa horretan, bigarren saria irabazi eta beste 400 euro eskuratu dituzte. Zorionak!
Taldeak helarazitako argazkiak dituzue albiste honi atxikitakoak.

