#A29

Espainiako Gorteak berritzeko hauteskundeak azaroaren 29an

Noaua Aldizkaria

Ikasturte honetako lehen hauteskundeak noiz izango diren zehaztu berri du, horren erabakitze eskubidearen jabeak, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Azaroaren 29rako deitu du Espainiako Gorteak berritzeko bozketa eguna.

Bi etxebizitza dekretuak onartu ezinik geratu ostean, azken egunotako zurrumurruak baieztatu berri ditu ekitaldi instituzional bidez, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Espainiako Gorteak berritzeko hauteskunde eguna deitu du azaroaren 29rako, astelehen goiz honetan, Moncloan eginiko erakunde adierazpenean. Azken urteotako balantzea egin eta hauteskundeon beharrezkotasuna defendatu du Sanchezek.

Bi boto-paper
Azaroko azken igande horri begirako tramitazioak abiarazi ditu, gainera. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak ezohiko saioan Espainiako Gorteak desegitea erabakiko du astelehen honetan, urriaren 4an. Erabakia, biharko, hilaren 5eko Estatuko Aldizkari Ofizialak kaleratuko du.

Hortik aurrera, hauteskunde egun horri begirako tramitazio bidea abiaraziko da; posta bidezko bozketari lotutakoa, mahaikideen zozketa... Egunotan zehaztuko da egutegia.

Bi erakunde berrituko dira hauteskundeon bidez; Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua. Honenbestez, bi boto-paper sartu ahalko ditugu hautetsontzietan azaroaren 29an. Usurbilen aukeran izango ditugunak, Gipuzkoa mailan eragile politikoek aurkeztutako hautagai-zerrendak izango dira.

Azkenekoz, hauteskundeok uda betean egin ziren, 2023ko uztailaren 23an hain zuzen. Datozenak bezalaxe, orduko haiek ere aurreratzea erabaki zuen egungo Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek.

Ez ziren izan, ordea, Usurbilen bizi izandako azken hauteskunde egunak. 2024an beste bi hitzordu izan genituen; batetik, apirilaren 21ean Eusko Legebiltzarra berritzeko. Azkenekoz, bozketa egun bat urte hartako ekainaren 9an izan genuen, Europako parlamentua berritzeko deitutakoak hain zuzen.

Hauteskunde gehiago
Adi, gaur iragarritakoak ez dira "ikasturte politiko" honetako hauteskunde bakarrak izango. Izan ere, lau urtero egin bezalaxe, udal eta foru hauteskundeak izango dira 2027. urtean. Datorren urteko maiatzaren 23rako daude iragarriak. Hilaren 29an bezalaxe, egun horretan ere bi boto-paperekin parte hartu ahalko dugu deialdi horretan; batetik, Usurbilgo udalbatza berritzeko eta bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzen laguntzeko. Zubietarrek, gainera, hirugarren erakunde bat berritzeko ere aukera izango dute egun berean; Herri Batzarra hain zuzen.