Indarkeria matxistari lotutako albisteak modu egokian lantzeko gakoak jaso ditugu

Erredakzioa

NOAUA! eta Aiurri tokiko hedabideetako kazetariok formakuntza saio batean parte hartu genuen irailaren 23an. Ilazki Gaintza Kalaka kooperatibako kideak indarkeria matxisten tratamendu informatiboari buruzko gako ugari eskaini zizkigun.

Kalaka kooperatibaren ardatz nagusiak komunikazioa eta parekidetasuna dira. Ilazki Gainza da Kalakako kideetako bat eta berak zuzendu zuen Potxoeneako saioa, "Hitzek ere babestu dezakete: indarkeria matxistaren tratamendu informatiboa" izenekoa.

Mintegiak bi atal izan zituen: teorikoa bata, praktikoa bestea. Ariketa batzuk egiteko aukera izan zuten NOAUA! zein Aiurriko kazetariek, eta ondoren batzuen eta besteen ondorioak partekatu eta alderatu ahal izan zituzten. 

 

Zer eta nola kontatu

Indarkeria matxista albiste gisa lantzerakoan, zer bezain garrantzitsua da nola kontatzen den. Besteak beste, biktimaren berbiktimizazioa saihesteko. “Indarkeria kasu bati buruz idaztean, ez duzu indarkeria bakarrik kontatzen, indarkeria horren esanahia ere eraikitzen duzu”. Ilazki Gainzaren esanetan, kontatzeko moduak eragina duenez, “garrantzia handia du nola kontatzen den”.

Nola hautatu eta nola ordenatu informazioa, nola izendatu gertatutakoa, datuak nola baliatu, testuingurua nola azaldu, zer uzten duzun kontatu gabe, nori eman ahotsa... Tamainako albisteetan ere, mamia bezain esanguratsua baita azala. “Testuinguruak garrantzia du, hitzen aukeraketa bezain beste. Titularra esate baterako, ez da espazio neutral bat”.

Bistan da: indarkeria matxista bati buruzko albiste bat ez da beste albiste bat gehiago. Botere-harremanarekin eta genero desberdintasunarekin lotutako arazo soziala da.

 

“Arretaz eta arduraz jokatzea inportantea da”

Gertatutakoz gain, beste elementu batzuk sartzen dira jokoan. “Pertsona baten intimitatea, familia eta duintasuna”. Ilazki Gainzaren esanetan, “arretaz eta arduraz jokatzea inportantea da”. Tokiko hedabideon kasuan, are gehiago. Gertutasunagatik.

Biktimaren aurkako informazio faltsua zabaltzea bezain kaltegarria da biktimaren duintasuna, intimitatea eta autonomia kaltetzea. “Zentzu horretan, bizitza pertsonalaren gehiegizko esposizioa ez da egokia”. Ilazki Gainzak aipatu bezala, “biktimaren berbiktimizazioa ekar dezakeelako, eta hori da kazetariak saihestu behar duena”. Biktimari erantzukizuna egozteko arriskua ere oso lotuta dago berbiktimizazioarekin.

Nola ekidin beharko litzateke arrisku hori? Esate baterako, xehetasun morbosoak albo batera utziz. Kazetariak ondo gogoan izan beharko luke ondoko hausnarketa: “Albistea osatzeko garaian, eskaintzen diren datuak informazio dira, ala kontu morboso hutsak baino ez?”.

 

Nola irudikatu behar da egilea?

Egilaren eta indarkeriaren tratamendu informatiboari buruz hausnartzeko tarterik ere izan zen Potxoeneako bilkuran. Nola irudikatu behar da egilea? Arlo honetan ere, arrisku batzuk ekidin behar dira:

1-Justifikazioak ematea: ‘asko maite zuen bere emaztea’, ‘jeloskorra zen’.

2-Balizko motiboa azaltzea ez da ekintza justifikatzea.

3- Egilea desagerraraztea. Eta honi lotuta, egilearen humanizazio selektiboa sustatzen duten elementuak ez dira batere onuragarriak: ‘Bizilagun eredugarria zen’, ‘oso maitagarria zen bere seme-alabekin’.

4- Indarkeria normalizatzea. Ilazki Gainzak nabarmendu zuenez, “testuinguruak indarkeria ulertzeko balio behar du, ez indarkeria lausotzeko”.

5- Iturri desegokiak erabiltzea.

 

Etengabeko formakuntzaren garrantzia

Berdintasun alorrari lotuta, NOAUA! eta Aiurriko kazetarion ahalegina ez da berria. Iaz lehen formakuntza saioa jaso genuen, ‘Genero ikuspegia komunikazio arloan txertatzeko estrategiak’ izenekoa, eta hura ere Ilazki Gainzarekin batera landu genuen.

Aurten ordea, indarkeria matxistaren tratamenduari buruzko gakoak jaso ditugu. Bide horretan, gure formakuntzan sakontzen segiko dugu datozen urteetan ere. Hedabideok ardura handia dugulako gure jardunean, are gehiago halako gaietan, eta funtsezkoa da erreminta berriak eskuratzea, gure lana ahalik eta egokien egin dezagun.