#A29

Datozen hauteskundeetan posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria

Espainiako Gorteak berritzeko azaroaren 29ko hauteskundeen deialdi ofiziala argitaratu du astearte honetako, urriaren 6ko Estatuko Aldizkari Ofizialak. Horrekin batera, zabalik da jada, posta bidez bozkatzea eskatzeko epealdia.

Duela 24 ordu, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek eginiko deialdia ofizialdu berri dute. Izan ere, Espainiako Gorteak (Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua) desegin eta erakundeok berritzeko azaroaren 29rako hauteskundeak deitu zituen atzo.

Segidan, Ministroen Kontseiluak eginiko ezohiko bilkuran, erabakiok onartu zituen. Hauteskundeei begirako prestaketen hurrengo urratsa eman berri dute astearte goiz honetan, urriaren 6an. Astelehen goizean hartutako erabakiok argitara eman ditu gaurko Estatuko Aldizkari Ofizialak, dekretu bidez.

"Estatuko Buruzagitzak" argitalpen horren bidez jakinarazi duenez, "deseginda geratzen dira 2023ko uztailaren 23an hautatutako Diputatuen Kongresua eta Senatua". Horrekin batera, "bi ganberetarako hauteskundeak deitzen dira, 2026ko azaroaren 29an egingo direnak".

Gipuzkoarron ordezkaritza
Bozketa egun horri begirako xehetasun gehiago ere eskaini ditu aipatu dekretuak. Hala, hauteskundeen ondotik, herritarrek zer nolako ordezkaritza izango duten ere gogorarazi du. Herrialdeka egituratuko da ordezkaritza hori, orain arte bezalaxe. Usurbildarron kasuan, udalerri hau Gipuzkoan egonda, Gipuzkoak izango duen ordezkaritzari erreparatu beharko zaio. Herrialde honek guztira sei diputatu izango ditu Madrilgo Kongresuan eta lau senatari hiriburu berean kokaturiko senatuan.

Herritarrek bi boto-paper ezberdinekin parte hartu ahalko dute hauteskundeotan. Senatuari dagokionean, alderdi bereko edo desberdinetako bat, bi edo hiru senatari hautatu ahalko dira. Diputatuen Kongresuari dagokionean, deialdira aurkezturiko hautagai-zerrendetako bat aukeratu beharko da.

Gaurko dekretuak, gainera, zehaztu du hauteskundeoi begirako hitzordu nagusietako baten iraupena; kanpainarena, hain zuzen. Azaroaren 13ko gauerdian hasi eta hilaren 27ko gauerdira arte eskatu ahalko dute herritarren botoa, deialdira aurkezturiko eragile politikoek.

Hauteskundeon emaitzok osatuko dute Senatu eta Diputatuen Kongresu eraberritua. Osaera ekitaldion hitzordua ere zehaztua dute; abenduaren 23an izango da, goizeko 10:00etan.

Posta bidezko botoa eskatzeko aukera
Lerrootan aipaturiko dekretua kaleratzearekin batera, azaroaren 29ko hauteskunde deialdia plazaratzearekin batera alegia, zabalik da posta bidezko botoa eskatzeko epealdia ere, azaroaren 19ra arte. Modalitate horretan bozkatzeko dokumentazioa jaso ostean, azaroaren 26rako tartea izango da modu horretan botoa emateko.

Correoseko bulegoetan tramitatu dezakezue posta bidez bozkatzeko eskaera, nortasun agiria edo norbere burua identifikatzeko baliokidea den dokumentua aurkeztuta. Bestela, telematikoki ere egin ahalko da eskaera helbide honetan: correos.es

Egutegia
Hona hemen, azaroaren 29ko hauteskundeei begirako hitzordu nagusien egutegia:
-Urriak 6: hauteskunde deialdi ofizialaren argitaratzea.
-Urriak 6-azaroak 19: posta bidez bozkatzeko eskaera Correosen.
-Urriak 16: koalizioak aurkezteko azken eguna.
-Urriak 21-26: hautagaien aurkezpena.
-Urriak 28: hauteskunde deialdira aurkezturiko hautagai-zerrendak argitaratuko ditu Estatuko Aldizkari Ofizialak.
-Azaroak 2: hauteskunde batzordeek hautagai-zerrendak agertuko dituzte.
-Azaroak 13-27: hauteskunde kanpaina.
-Azaroak 25: posta bidez bozkatzeko azken eguna.
-Azaroak 28: hausnarketa eguna.
-Azaroak 29: bozketa eguna, 09:00-20:00 artean.
-Abenduak 23: Diputatuen Kongresua eta Senatua osatzeko ekitaldiak 10:00etan.