Euriagatik abisu horian egunotan

Noaua Aldizkaria

"Prezipitazio handiagatik" abisu horian izango gara datozen bi egunotan, arratsalde partean.

Euria gogotik egin dezake hurrengo ordu eta egunotan. Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara astearte eta asteazken arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte gutxienez, "prezipitazio handiagatik".

Gaurkoari, urriaren 6ari dagokionean, "baliteke ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, baliteke zenbait lekutan handiak izatea", aipatu meteorologia agentziaren arabera.

Bihar, hilaren 7an, ordu tarte berean, hau da, arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte, "ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeako zenbait lekutan. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke".

Egunotarako iragarpena
Honenbestez, astearte honetan, hilaren 6an, Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta arratsaldean hodeitza handituz joango da, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu gelditu arte. Arratsalde-gau partean zaparrada trumoitsu batzuk egin ditzake. Hego haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin; arratsaldeko lehen orduetan mendebaldera aldatuko da, bolada gogorren batekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Asteazkenean, hilaren 7an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada trumoitsuak egingo ditu, sarriago eta ugariago arratsaldean eta gauean eta orduan baliteke zenbait lekutan handiak izatea. Mendebal-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsi eta maximoak asko jaitsiko dira".

Ostegunean, hilaren 8an, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du eta sarri egingo du. Iparraldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.