Ekaitz giroa eta euri-jasak izateko arriskua izango da hurrengo orduotan ere, atzo bezalaxe. Horregatik, Euskalmet meteorologia agentziak abisu horia izango du indarrean asteazken honetan, urriaren 7an, arratsaldeko 15:00etan hasi eta gauerdira arte gutxienez. Tarte horretan, "ordubetean, 15 l/m² baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeako zenbait lekutan. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak egingo ditu, zenbait lekutan handiak izan daitezke".
Honenbestez, gaur, Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparrada trumoitsuak egingo ditu, sarriago eta ugariago arratsaldean eta gauean eta orduan baliteke zenbait lekutan handiak izatea. Mendebal-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira", Euskalmet-ek iragarri duenez.
Ostegunean, urriaren 8an ere, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du eta sarri egingo du; egunaren bigarren partean atertzera joko du. Iparraldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Ostiralean, hilaren 9an, "goizaldean eta goizean goiz zerua hodeitsu egongo da. Goizean hodei gutxirekin geratuko da. Goizaldean, euri txikia egin dezake. Ipar-osagaiko haize ahula ibiliko da, eta arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuko da, tarte biziekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.