Bigarrenez, sagardotarako baliaturiko sagarren erakusketa ikusgai jarri du Alkartasuna kooperatibak. Lehenbizi, Atallun duen egoitzan kokatu zuten bilduma. Urtero legez, orain, Sutegi kultur-etxera lekuz aldatu dute erakusketa.
Kultur-etxeko erakusleihora gerturatuta ikusi ahalko duzue, aipatu moduan, sagardotarako baliaturiko sagarren bilduma. Dagoen horren lagin bat da Alkartasuna kooperatibak ikusgai jarritakoa. "115 barietateren artean aukeraketa ikusgai jarri dugu", adierazi dute ekimenaren antolatzaileek. Sagar mota bakoitzaren alboan fitxa bana jarri dute antolatzaileek. Horien bidez, sagar bakoitzaren ezaugarriei buruzko xehetasunen berri jaso daiteke.
Erakusketa hau kokatzearekin batera, sagardotarako baliaturiko sagarren Usurbilgo bilduma osatzeko gonbita egin dute antolatzaileek. Etxeko sagar klaseak kooperatibara eramatera deitu dute.