Aginagako jaiak

"Bi urte hauetako balantzea positiboa da eta eskertuta gaude"

Noaua Aldizkaria

2013tik buruhandi eta erraldoi taldea egon arren, 2023an sortu zuten ofizialki elkartea. Iaz, udalarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, Lauburu Konpartsa udako jaietan izan da. Ostiral honetan, urriaren 9an borobilduko du Usurbilgo erraldoi eta buruhandien bilguneak aurtengo denboraldia, Aginagako festetan, 18:30etan hasita egingo duen azken birarekin.

Gaur duzue urteko azkeneko emanaldia. Balantzea egiteko unea da. Nola joan da urtea?
Iñigo Arzallus:
Ondo. Iaz hasi ginen auzoz auzo joatearen ideia honekin eta oso gustura ibili gara. Auzo bakoitzean emanaldi bat egiten dugu, eta bada modu bat, auzoetara ere buruhandi eta erraldoiak iristarazteko.

Usurbildik kanpo jaso duzue gonbidapenen bat beste herri batzuetako topaketetara joateko?
I.A.: Iristen zaizkigu gonbidapenak erraldoi topaketetara joateko, baina oso zaila izaten da. Herrian ja ez da erraldoi topaketarik antolatzen eta gonbidapen asko elkar trukaketa gisa planteatzen dituzte; gu hara joan eta gero haiek bueltan etortzeko. Orduan, zaila izaten da hemen antolatzen ez denean, haiek bueltan etortzea. Gaur egun oraindik ere jasotzen jarraitzen dugu.


Hurrengo urtera begira, zer aurreikusten duzue?
I.A.: Printzipioz ez dugu aldaketarik aurreikusten. Azken finean, Usurbilgo udalarekin hitzarmena daukagu, eta hitzarmen hori bete behar dugu. Kasuistika eman daiteke herriren batean aparteko emanaldiren bat egitearena, baina momentuz ez dugu aurreikusten. Herrian gelditzearekin nahikoa dugu.


Konpartsa duela bi urte sortu zen, ezta?
I.A.:
Berez lehenagotik dago, baina egia da elkartea 2023tik dagoela erregistratuta. Taldea, modu ofizialean ez bada ere, esango nuke 2013tik dabilela. Aurreko urtean sinatu genuen Usurbilgo udalarekin hitzarmena, eta horrek arautzen du hainbat irteera egin beharra, konpartsak zaintza ardura hartzen du...

Orduan, dinamika hori sortu zuen duela bi urte. Zer aldatu da Udalarekin izenpetutako hitzarmenarekin?
I.A.: Bereziki bi kontu izan dira aldatu direnak: bata da, konpartsaren irudia sendotu dela; hau da, udaletxeak bi erraldoi eta sei buruhandi ditu talde antolatu gisa, eta talde horrek funtzionamendu arautua dauka. Bestea da, irudi horiek elkarteari uzten zaizkiola modu arautu batean elkarteak zaintza lana egin dezan; hau da, zaindu, mantendu eta konponketa txikiak egin behar baldin badira, elkartea da horiek egiteko arduraduna.


Orain arte egindakoarekin pozik zarete?
I.A.: Balantzea oso positiboa da. Aurretik ere aritu ginen herrian erraldoi eta buruhandiekin lanean. Etenaldi txiki bat egon zen, eta pandemia etorri zen. Ikertzen aritu ginen ikusteko nolakoa zen erraldoi eta buruhandien egoera, nola balioztatzen zuen jendeak, zer behar zegoen bereziki buruhandien aldetik, berritu egin behar zirelako. Hori ere konpartsaren beste proiektuetako bat izan zen; sei buruhandi berri sortzea herriarekin lotura zuzena izango zutenak eta konpartsak berak kudeatuko zituenak. Hasieratik zorte handia izan dugu Usurbilgo udala eta bereziki Kultura Saila oso fin eta beti gurekin lan egiteko gogoarekin aritu delako. Beraz, balantze oso positiboa egiten dugu, eta oso eskertuta gaude.