"Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko"

Noaua Aldizkaria

Argazkia: Txintxarri.

Etxebizitza duina izateko eskubidearen aldeko aldarria bizi asko dago egunotan. Hainbat mobilizazio egiten ari dira; horien artean da Ernai gazte antolakundeak aste hasieran, Lasarte-Oriako Okendo plazan egindako eskualde mailako elkarretaratzea, "etxebizitza duinaren alde. Urrats bat aurrera" aldarripean.

"Etxegabetzeak gelditu" edota "etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko" aldarrien artean, "benetakoa eta integrala" izango den konponbidea galdegin zuten auzi honentzat. Azaroaren 29ko hauteskunde deialdia tarteko, PP eta VOX alderdiak Espainiako Gobernura agintzera hel daitezkeen honetan, protesta ekintza hauek "etxebizitza duinaren aldeko borrokan ekarpena egiteko ez ezik, ultraeskuinaren aurkako erantzun gisa aurkeztea funtsezkoa iruditzen zaigu".

Izan ere, Ernairen esanetan, biak lotuta daude. "Azken hamarkadetan eraikitako eredu sozial, ekonomiko eta politikoa ez da sostengarria. Neoliberalismoak goia jo du eta orain arte ezagutu dugun mundua abiadura bizian aldatzen ari da. Gauzak horrela, kapital metaketari eusteko geroz eta herritar gehiago prekarietate gordinenera kontenatuak izaten ari gara. Honek gure bizitzako ardatz guztiak zeharkatzen ditu eta etxebizitaren kasuan, oso modu argian ikus dezakegu. Izan ere, oinarrizko eskubidea beharko lukeena negoziorako bitarteko bihurtu dute. Horrela, funts putreak eta enpresari handiak aberastu daitezen, gu geroz eta pobreagoak gara".

Horregatik, gazte antolakundearen esanetan, "egoera horrek, orain arteko ereduarekin moztea eta sakoneko aldaketa bat martxan jartzea eskatzen du. Hori oso argi ikusi ahal izan dugu azken egunetan. Han eta hemen, milaka pertsona etxebizitza duinaren alde mobilizatzen ziren artean. PP-k et VOXek osatzen duten bloke ultrak arazoa pertsona migratuetan kokatu nahi izan du nagusiki eta horrekin batera, manifestarien zuzeneko kriminalizazioa bultzatu dute. Izan ere, haiei bost axola zaizkie herritarron oinarrizko beharrizanak, haiek kapitalista handien morroi dira".

Mehatxu horrek Euskal Herrian hartutako dimentsio bikoitzaz ohartarazi du Ernaik. "Espainiar faxistek gure herria jo-puntuan dute. Oraingoan ere, faxistak Espainiako banderak eskuetan datoz, Euskal Herria bera, gure hizkuntza eta gure askatasun nahia jazartzeko".

Horren aurrean, "argi esan nahi dugu, ez dira pasako, ez duzue lortuko. Hemen badago, duintasunez eta askatasunez bizi nahi duen herri bat". Horretara, urrats bat aurrera eramateko deia egin zuen Ernaik aste hasieran.