Iragan asteburuan, etxebizitza sindikatuek eta gizarte eragile hainbatek etxebizitza eskubide duinaren aldeko greba orokorrerako deia egin zuten. Azken orduotan, greba eguna zein izango den ere ezagutarazi dute, azaroaren 11 hain zuzen. Euskal Herritik, greba orokor horrekin bat egiteko prestasuna adierazi dute bertako sindikatuek. Barne-lanketan dira egunotan eta aldi berean, lankidetzan haien artean nahiz gizarte eragile gehiagorekin. Deialdiarekin bat egin arren, haien erabakia eta aldarrien nondik norakoak egunotan jakinaraziko dituzte.
LAB
Etxebizitza eta soldata duina izateko eskubidearen aldeko azaroaren 11ko greba eguna antolatzeko proposatzeko erabakia ostegun arratsalde honetan, urriaren 8an aztertuko du LAB sindikatuak bere Nazio Biltzarrean. Hala egingo duela jakinarazi du ohar bidez, "eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon" ostean.
Azaroaren 11rako aurreikusi duenez, "soldata eta etxebizitza duinak denontzat helburu, lantokiak itxi eta kaleak beteko ditugu. Olatu erreakzionarioari eskubide berrien aldeko borrokarekin erantzungo diogu: alokairu mugagabeen eta prezioen jaitsieren alde, langile guztion bizi-baldintzak bermatzeko beharrezkoak diren soldata duinen alde, patronalei aurre egin eta bertako instituzioek errentismoaren aldeko politikak egiteari utzi diezaioten exijitzeko".
LAB-etik gogorarazi dutenez, "etxebizitza langileok pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusi bilakatu da, eta langileen arteko arrakaletan sakontzeko arrazoi nagusietako bat, guztiok mehatxatzen gaituena. Euskal Herrian etxebizitzarako sarbidea ukatua dute milaka eta milaka herritarrek. Larrialdi betean gaude, eta Euskal Herrian badira baldintza objektiboak eta subjektiboak egiturazko aldaketak eragiteko borrokari hauspo berri bat emateko". Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko egiturazko neurriak derrigorrezkotzat jo ditu eta gai horretan, Hego Euskal Herriko nahiz Espainiako gobernuek duen ardura gogora ekarri du.
Azken asteotako gertakarien harira, LAB-ek azaldu duenez, "talka argia bizi dugu: langileen aldeko politika birbanatzaileen, eta pribilegiatuen eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren artekoa. Bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka. Alde batean, birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen eta eskubideen zabalpenaren alde kokatzen garenak gaude, eta, bestean, pribilegiatuenen eta errentisten interesak zaintzen dituztenak, langileen pobretzean sakondu nahi dutenak".
Horregatik, aipatu sindikatuarentzat "etxebizitza eskubidearen eta soldata duinaren aldeko borroka, langileon bizi-baldintza duinen aldeko borroka ez ezik, agenda erreakzionarioari aurre egiteko errezeta ere bada".
Ondorioz, LAB-ek, sindikatutik sustaturiko "sindikalismo antiarrazista, feminista eta eraldatzailea" defendatu eta datorren grebara begira lanean dela jakinarazi du. "Azken egunotan, testuinguruak eskatzen zuen tamainako erantzuna antolatzeko lanean murgilduta da sindikatua, Euskal Herriko maizterrek eta langile eta herri sektoreek behar dituzten egiturazko eraldaketak eragiteko greba deialdia gorpuzten, aldarrikapenetan eta formetan ahalik eta erantzun bateratuena eman dadin".
ELA
Beste eragile sozial eta sindikalekin "aldarrikapenak eta grebaren beste zehaztapenak" adosten ari da ELA, ohar bidez jakinarazi duenez. Azaroaren 11ko greba orokorra, "ELAk Hego Euskal Herritik jorratzea lehenetsiko du: horregatik, lanean jarraitzen du etxebizitzako sindikatuekin eta gainerako eragile sozial eta sindikalekin erakunde guztiei presioa handitzeko, batez ere EAEn eta Nafarroan, hemengo Gobernuek arlo horretan eskumen zabalak baitituzte".
Izan ere, ELA-k gogorarazi du, autonomia erkidegoek etxebizitza politiketan erabakitzeko eskumena dutela eta "krisia gainditzeko neurriak har ditzaketela. Ezin da justifikatu etxebizitzaren krisi betean ere -gure gobernuek urte askotan egin dituzten politika ezin okerragoen ondorio izan den krisian-, egun indarrean diren eskuduntzak behar bezala erabiltzeko aukera ez baliatzea".
Ildo horretan, Hego Euskal Herriko bi gobernuek nahiz estatu espainiarrekoak "orain arte garatu izan dituzten politikak goitik behera aldatu" behar dituztela irizten dio aipatu sindikatuak. Onartezintzat jo du politika publikoetan "eraikuntza enpresen eta funts putreen errentagarritasuna" lehenestea. "Lehentasuna izan behar da etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea".
STEILAS
Sindikatu honek ere azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko prestasuna adierazi du. Ostegun honetan bertan, urriaren 8an, "deialdia eta mobilizazioan parte hartzeko modua jorratuko ditu bere organo erabakiorretan. Euskal Herritik eta gure erabaki esparruetatik etxebizitza duinaren aldeko borrokarekin eta greba orokorrarekin bat egiteko borondatearekin". STEILAS-ek ere argi du; "etxebizitza ez da negozioa. Duintasunez bizitzea eskubidea da. Eta hori defendatzea, borroka soziala eta sindikala".
Gogora ekarri duenez, "etxebizitza eta lan duina lortzeko zailtasunak dira egungo gizartearen kezka iturri nagusi. Neurriz kanpoko prezioek, alokairu onartezinek eta espekulazioak gero eta pertsona eta familia gehiago kanporatu ditu beren herri eta auzoetatik".
Errealitate honen islada Euskal Herrian ere pairatzen dugula nabarmendu du STEILAS-ek. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du, "gure errealitate sozial, politiko eta sindikal propiotik erantzutea. Ez dugu onartuko, ordea, mobilizazioa PSOEk etxebizitza arloan dituen politikak legitimatzeko tresna bihurtzea, are gutxiago PSOE konponbidearen parte gisa aurkeztea, bizi dugun larrialdi egoera honetara eraman gaituen alderdia baita".
ESK
Azaroaren 11ko greba bultzatzen ari denen artean da baita ESK sindikatua, "kaleetan urteak daramatzaten etxebizitza eskubidea defendatzen gizarte-mugimenduekin eta eremua eta bizi dugun egoerari buruzko irakurketa partekatzen dugun sindikatuekin batera". Sindikatu honen Koordinadorak ere bere baitako Batzorde Nazionala premiaz biltzeko deia egin du, "organo horrek baitu greba orokorraren deialdiari buruzko erabakia hartzeko eskumena". Horregatik ESK-tik jakinarazi dutenez, "hurrengo egunetan publikoa egingo du behin betiko erabakia".
Langileen pobretzearen aurka iragan martxoaren 17an eginiko greba orokorraren ondotik, orain, "are arrazoi gehiago ditugu greba orokorra egiteko". Horregatik, azaroaren 11n, ESK-tik iragarri dutenez, "egungo egoeraren kausak eta erantzuleak zein diren argi utziko ditugu, eta langile guztientzat bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren neurri guztiak eskatuko ditugu ere".
Izan ere, langileen egoera kezkagarria dela ziurtatu du. "Langile-klasearen pobretze lazgarria, etxebizitza duin bat lortzeko eta mantentzeko ezintasuna, soldaten murrizketa, ideia erreakzionario eta faxisten aurrerapena eta langile klaseak jasotzen ari den errepresioa eta eskubide-murrizketak mobilizaziorako arrazoi nahiko baino gehiago dira".