Usurbilgo herri nortasunean nahiz bertan abian diren proiektu eraldatzaileetan oinarrituriko bestelako turismo eskaintza sustatzen segitzeko urte bukaerara arteko bisita gidatuen eskaintza plazaratua du 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak.
Datozen bisita gidatuen artean, lau, 2026ko Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskainiko dira; urriaren 24koa eta azaroaren 7, 8 eta 22koak hain zuzen.
"Ondarea biziberritu, babestu eta bere etorkizuna berriz irudikatzeko" gipuzkoarren esku jartzea dute xede nagusia, Ondarearen Europako Jardunaldiek. "Gure eskuetan" aldarria hautatu dute hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko zikloaren hamargarren ediziorako. Europako Kontseiluak sustaturikoak dira, Europar Batasunaren lankidetzarekin eta erakunde gehiagoren parte hartzearekin. Ekimenak "Ondare Kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du".
Europako Kontseiluak 1991. urtean abiarazitako egitasmoak "gure ondareari eragiten dioten arrisku desberdinen kontzientzia sortzen lagunduko dute, ingurumeneko, gizarteko eta teknologikoko presioek eraginda, eta geratzen den ondarea nola kontserbatu eta baloratu aztertzeko hausnarketa sortuko du".
Edizio honetako eskaintza "arriskuan dagoen kultura-ondarearen inguruan egituratzen da, hiru lan-ildorekin: biziberritzea, eustea eta berriz irudikatzea", antolatzaileen esanetan.
157 ekintza antolatu dituzte udazken honetarako, irailetik azarora, Gipuzkoako 36 udalerrietan; tartean, azken urteotan gertatu bezalaxe, Usurbilen. Udalerri honetan, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak eskainitako lau bisita gidatu ziklo honen baitan eskainiko dira; urriaren 24an lehenengoa, eta gainerakoak, azaroaren 7an, 8an eta 22an.
650 Usurbil Bizi: datozen bisita gidatuak
Urriak 24, larunbata
11:00-12:30 Salbatore elizaren ondarea eta organo erakustaldia.
Urriak 28, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Urriak 30, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Azaroak 7, larunbata
10:30-12:00 Gerraren memoria ibilbidea bisita gidatua.
Azaroak 8, igandea
11:00-13:15 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Zumeta Arte Estudioa.
Azaroak 21, larunbata
11:00-12:30 Salbatore elizaren ondarea eta organo erakustaldia (gaztelaniaz).
Azaroak 22, igandea
11:00-12:30 Museo Irekia familientzako Krii Kolektiboarekin.
Azaroak 25, asteazkena
10:00-11:00 Zero Zabor bisita gidatua.
Azaroak 27, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Abenduak 12, larunbata
11:00-13:15 Bisita gidatu konbinatua: Museo Irekia eta Salbatore eliza.
Abenduak 18, ostirala
10:00-11:30 Zaintzaren Usurbil bisita gidatua.
Informazio gehiago eta erreserbak: 650usurbilbizi.eus