KPI-aren igoera aplikatuko diete 2027ko ordenantza fiskalei

Noaua Aldizkaria

Datorren urteko Usurbilgo udal zerga, tasa eta prezio publikoei %3,7ko igoera aplikatzea onartu du udalbatzak. Badira, halere, hainbat salbuespen.

Datorren urteko udal aurrekontuak onartu aurretik, urte berrirako zerga, tasa eta prezio publikoak hasieraz onetsi ditu udalbatzak egunotan eginiko ezohiko osoko bilkuran, aurrez udal barruko Antolaketa Batzordean aurkeztu eta oposiziotik emendakinik jaso ez ostean. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, alegazioetarako epealdia zabalduko du Udalak.

%3,7ko igoera
Udal gobernu taldetik aditzera emandakoaren arabera, KPIaren igoera aplikatzea erabaki dute oraingo honetan ere; zehazkiago esanda, uztailean erregistraturikoa, %3,7a. Badira, ordea, urtero moduan, igoera orokor horretatik salbuetsitako hainbat zerga, tasa eta prezio publiko.

Horien artean da ur-hornidurari lotutakoa. Estolderiagatik %75a kobratzen du Udalak. Horrez gain, gobernu taldeak gogora ekarritakoaren arabera, amaierara bidean den 2023-27 legealdiaren hasieran ur zikinak ibaira edo itsasora isuri aurretik arazketa prozesuagatik ordaindu beharreko tasa %75ekoa izatera heltzeko erronka jarri zuten baina igoera hori progresiboa izatea. 2027rako %15eko igoera aplikatuko dute, %75eko ehuneko horretara heltzeko.

Tasa bidezkoagoak
Hondakinen tasari, bestalde, 2027an %10eko igoera aplikatzea erabaki du udalbatzak. EH  Bilduren esanetan, Usurbil 0.0 plangintzaren helburuetako bat hondakinen kudeaketaren defizita zero izatea da. "Hortik inoiz baino gertuago gaude. Une honetako defizita inoizko txikiena da, azken urteotako neurriei esker", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan. Urtea 120.000 euroko defizitarekin amaitzea aurreikusia du gobernu taldeak; iaz, 219.000 eurokoa izan zen.

Defizit hori murriztea ahalbidetu dute hondakinen tasaren igoerak eta hortik eratorritako diru-sarrerek. Izan ere, "tratamendu gastuak ere murriztu egin dira", EH Bildutik egunotako osoko bilkuran aditzera eman bezala, "aspalditik egiten ari ginen aldarrikapena" bete delako; Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) adostutako akordio politikoa hain zuzen. Horren bidez, "hondakinen tratamendu tasa bidezkoagoak" ezarri dituzte. Hala, "gaika ondo biltzen dugun herriok" eginiko ahalegina saritu dute. "Horrek tratamendu gastuetan ere murrizketak" ekarri ditu.

Ondorioz, legealdi honetan, "defizita erdira jaistea" lortu dela nabarmendu du EH Bilduk. Egun, "hondakin tasa txikiena duen herrietako bat da" Usurbil, gobernu taldetik gogorarazi dutenez. Herria hazi arren, %85eko gaikako bilketari eusten diola gaineratu dute.

Zerga turistikoa
KPI-aren igoera orokorretik kanpo geratuko da baita prezio publikoei dagokienean, Oiardo kiroldegiko abonamendua. Izan ere, %5,5 igoko da, legealdi hasieran Buruntzaldea mailan eskualdeko udalek (tarten,  Usurbilgoak) hala egitea adostu ostean. Horrekin batera, Udajolasen gastuen erdia estaltzeko 15 euro garestituko da kuota, 150 eurora arte.

Horrez gain, badira zerga berriak ere; tartean, zerga turistikoa edo "egonaldi turistikoen gaineko zerga". EH Bildutik, "aspaldi ari ginen zerga hau aldarrikatzen". Batzar Nagusietan tasa horren alde agertu zirela ekarri zuen gogora alkateak, haien proposamenak barnebiltzen zirelako: tokian tokiko errealitatera egokitzeko moduko udal zerga izatea, izaera progresibokoa. "Foru arauak ezartzen du zerga hau nola arautu behar den". Alojamenduek hiruhilero aurkeztu beharko dituzte autolikidazioak.

Udal aurreikuspenen arabera, "urte erdiz ditugun alojamendu guztiak betez gero", udalean 40.000-60.000 euro arteko diru-sarrerak ekarriko lituzke zerga honek.

Hobarien indartzea
Berrikuntzak izango ditu baita Ondasun Higiezinen gaineko Zergak. Batetik, izaera bereziko ondasunei lotutako zerga ordenantza fiskalen baitan txertatuko da. Azpiegiturak (autopistak, aireportuak, errepideak, trenbideak...) zergapetzen ditu. Usurbilgo kasuan, trenbidea eta AP8 errepidea sartuko lirateke baina horiek salbuetsiak daude.

Horrekin batera, aurten, eraikitako etxebizitza parkean eragiteko, estreinakoz  %150eko errekargua aplikatzen hasi zen iaz Udala bizileku hutsei. Errekargu horretatik salbuetsi daitezkeen kasu gehiago jaso dituzte 2027rako ordenantza fiskaletan. Kasuotarako, hobariak ere badirela  gogorarazi du udal gobernu taldeak.

Hobariak aitortuko zaizkien zaurgarritasun egoeran diren kolektiboak handitzea ahalbidetuko du. %90era arteko hobariak jaso ahalko dituzte orain arte bezala familia ugariek baina aurrerantzean, baita guraso bakarreko bizikidetza-unitateek edota indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeek ere.

Kasuoz gain, urteotako udal hobarien sistemaren indarraldiari segida emango dio Udalak 2027. urtean ere, "herritarrei udal zerbitzu guztietarako sarbide berdintasuna bermatzeko". EH Bildutik ezagutarazitako datuen arabera, egun 239 bizikidetza-unitate dira Usurbilek duen hobaridun kopurua; kasu gehienetan, %90eko hobariak jasotzen ari dira.

Usurbilgo alkatearen esanetan, "guretzat fiskalitatea ez da soilik Udalaren funtzionamendua bermatzeko diru-sarrera soila, guretzat bada bitarteko edo tresna bat, proiektu politikoa garatzeko; Usurbil berdinzaleagoa, bizigarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzen jarraitzeko. Zentzu horretan, erreparatzen diogu batez ere bi ildori; nola sakondu berdintasunean eta justizia sozialean eta trantsizio ekosozialean edo nola lagundu etxebizitza politikan fiskalitatearen bidez".

EAJ alde
EH Bilduk 2027. urterako proposaturiko ordenantza fiskalak babestu zituen EAJ-k, "Urteroko irizpideak berdinak dira", adierazi zuen bozeramaile Xabier Otxoak. Tasa turistikoari dagokionean, "EAJ urte dezente doa hori eskatzen", gaineratu zuen. Horrez gain, gobernu taldearen zenbait neurri foru arauetatik eratorritakoak izatea eta "begi onez ikustea" pozgarritzat jo zuen Otxoak.

PSE abstentzioaren alde
Abstentzioaren aldeko jarrera agertu du Usurbilgo PSE-EEk 2027ko ordenantza fiskalen hasierako onarpenari dagokionean. Udal zerbitzu publikoak mantendu eta hobetzeko "ahalegin fiskala" beharrezkotzat jo arren, gaia "modu globalean aztertu behar dela" uste dute aipatu alderditik. Alegia, "zerga-polika osoa eta udalen diru-sarreren bilakaera" hartu behar da kontuan PSE-EE-ren esanetan, baita, udal gobernu taldetik iragarritako tasa berriei dagokienean, "familiek eta herritarrek egiten duten ahalegin fiskala" ere.

Hala, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergatik nahiz tasa turistiko berritik diru-sarrera gehiago jaso daitezkeenez, ahalegin fiskala orekatzearen aldekoa da PSE. "Udal-zerbitzuen erabiltzaileei zuzenean eragiten dieten igoerei eusteko gaitasuna ere egon behar dela" uste dute.

Horregatik, abstentziora jotzea erabaki du PSEk. Jarrera "arduratsua eta eraikitzailea" dela diote. "Zabalik utzi du ordenantza fiskal "orekatuagoak, proportzionatuagoak eta sentikorragoak" lortzeko lanean jarraitzeko aukera".