Hitzorduaz gogoratzea ez da zaila izango. Izan ere, hemezortzigarren edizioa izango da eta hilaren 18rako iragarri dute. Buruntzaldeko Ibilbideen Egunari buruz ari gara. Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udaletako kirol zerbitzuek hemezortzigarrenez lankidetzan antolatu dute inguruotan ditugun bideotatik barrena osteratxo ederra egitea eta gertuan ditugun bazterrak hobeto ezagutzea ahalbideratzen digun ekimena.
Izan ere, jarduera fisikoa sustatzearekin batera, eskualdeko natura- eta landa-eremua zein aipatu udalerrion arteko lotuneak sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Guztira, bost ibilbide osatzeko aukera egoten da, "baso, baserri, baseliza eta natura- zein kultura-intereseko beste hainbat gunetatik igarotzen diren bide eta pistetan barrena. Ibilbideak gezi eta zutoinen bidez seinaleztatuta daude, eta udalerri bakoitzean trazatu, profil eta distantziei buruzko informazioa duten panelak daude", antolatzaileen esanetan.
Datorren igandeko, hilaren 18ko goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00ak arte izango da aurtengo edizioa. Aurreko urteetan bezalaxe, "ibilbidea hastean, parte-hartzaile bakoitzak irteerako udalerriaren zigilua duen txartel bat jasoko du. Bi ibilbide osatzen dituztenek oroigarri bat jasoko dute. Halaber, Andoain–Lasarte-Oria edo Andoain–Usurbil ibilbideak, edozein norabidetan, egiten dituztenek ere jasoko dute oparia".
Buruntzaldeako Ibilbideen 18. Eguna
Eguna: urriak 18, igandea.
Ordua: 8:00-14:00.
Informazioa jaso, txartela zigilatu eta ura zein mokadutxoak hartzeko postuak:
Andoainen eta Urnietan: udaletxe azpialdean.
Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan.
Usurbilen: Santueneako Zorrotz zubiaren ondoan eta Aginagako Mapil baserriaren inguruan.
Oharra:
-Ibilbidea hastean, parte-hartzaile bakoitzak irteerako udalerriaren zigilua duen txartel bat jasoko du. Bi ibilbide osatzen dituztenek oroigarri bat jasoko dute. Halaber, Andoain–Lasarte-Oria edo Andoain–Usurbil ibilbideak, edozein norabidetan, egiten dituztenek ere jasoko dute oparia.
Bideetako seinaleztapena, udalerri bakoitzaren kolorean: Andoain urdina, Lasarte-Oria urrea, Urnieta berdea eta Usurbil laranja. Udalerri guztietan bideei buruzko informazio panelak.
Ibilbideak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.
ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.
ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.
LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.
LASARTE-ORIA – USURBIL. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 4,5 kilometro Santuenearaino eta 9 kilometro Aginagaraino. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.
Lagungarria: Navi Ruta izeneko aplikazioa dago, telefono mugikorrentzat egokia dena; honen bidez Buruntzaldeko ibilbideetako edozein egiterakoan, sistemak modu jarraituan emango duen informazioa (kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak…) jaso ahal izango da. Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarriak dauden paneletan jarritako QR kodeak eskaneatu beharko dira.
Itzulerarako autobus zerbitzua (zerbitzu hori erabiltzeko parte-hartze txartela zigilatuta aurkeztu beharko da):
-Aginaga, Ezpaldi gasolindegia: 12:00, 13:00, 14:00.
-Usurbil, San Inazioko biribilgunea: 12:07, 13:07, 14:07.
-Lasarte-Oria, Dorretxeko biribilgunea: 12:15, 13:15, 14:15.
-Andoain, Goikoplaza atzealdea: 12:30, 13:30, 14:30.
-Urnieta, Kiosko geltokia: 12:40, 13:40, 14:40.
Antolatzaileak: Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalak.
Aurtengo arduradun nagusia: Lasarte-Oriako Udala.
Laguntzaileak: Euskalduna Mendigoizale Elkartea (Andoain), Ostadar S.K.T. (Lasarte-Oria), Super Amara.
Informazio gehiago, kiroldegietan:
Andoain: 943 30 01 47.
Lasarte-Oria: 943 37 61 82.
Urnieta: 943 00 83 28.
Usurbil: 943 37 24 98.