Euskal Pilotako Munduko Txapelketa

"Zorte onena opa dizuegu"

Noaua Aldizkaria

Beñat Lizaso Muxikak euskal selekzioarekin Euskal Pilotako Munduko Txapelketan parte hartuko du Argentinan eta Uruguain, urriaren 15etik 24ra. Igande honetan abiatu dira Argentinarantz.

 

Euskal Pilota Selekzioak lehen aldiz parte hartuko du Euskal Pilotako Munduko Txapelketan. Lehiaketa horren hogeigarren edizioa, urriaren 15etik 24ra jokatuko da Argentinan (Buenos Airesen) eta Uruguain (Colonia del Sacramenton). 41 pilotarik (31 gizonezkok eta 10 emakumeek) eta bederatzi entrenatzaileek ordezkatuko dute aipatu euskal selekzioa; haien artean, usurbildar batek; Beñat Lizaso Muxikak hain zuzen.

Igande honetan, abiatu dira euskal selekzioko kideak Argentinarantz. Agur beroa eman eta dantzatu diete, Loiuko aireportura zorterik onena helaraztera joandako hainbat lagunek. Pasabidea ireki diete ikurriñak eskuartean, 7Baietz elkarteak eta Gure Esku herri mugimenduak eginiko deialdira joandakoek.

Bestalde, "zorte onena opa dizuegu!!", adierazi diete egunotan Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziotik, albiste honi atxikitako argazkia sare sozialen bidez hedatzearekin batera. Izan ere, bertatik gogorarazi duten moduan, "pilota egokituko taldea ere bertan ariko da lehian, tartean Gipuzkoako hiru pilotari eta gure lankidea den hautatzailea"; horien artean da Lizaso bera.

Pilota egokituan
Aipatu moduan, 41 pilotarik eta haiekin batera, bederatzi hautatzailek parte hartuko dute mundu mailako hitzordu entzutetsu horretan.

Hamahiru modalitateetan lehiatuko dira pilotariok: 54 zein 36 metrotan zestaz;  36 metrotan, eskuz, paleta larruz eta paleta motzarekin; parapilotan frontoian eta trinketean; 30 metroko frontoian gomazko paletarekin; eta frontball zein xarean.  

Beste hamalau herrialdeetako selekzioekin lehiatuko dira euskaldunak.

2008tik ari da lehiatzen Beñat pilota egokituan. Euskal Pilotako Munduko Txapelketako aurreko edizioa Euskal Herrian, Biarritzen jokatu zen 2022. urtean. Duela lau urteko ekinaldi hartan Espainiako selekzioarekin egin behar izan zuen erakustaldia Lizasok. Oraingo honetan, ordea, pozarren agertu da usurbildarra; batetik, euskal selekzioarekin jokatu ahal izango duelako, eta, bestalde, modalitate ofiziala izango delako berea. Aitortza bikoitza, beraz, usurbildarraren jardunarentzat.