Ostiralean, urriaren 16an jakinaraztekoak ditu EH Bilduren Mahai Politikoak, Espainiako Gorteak (Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua) berritzeko, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek duela astebete azaroaren 29rako deitutako hauteskundeetarako hautagaiak. Asteburuan berretsi ahalko dituzte hautagai proposamenok bilkideek bozketa telematikoaren bidez. Gero, hilaren 19an aldarrikatuko dute hautagaitza.
Hautagaion artean ez da izango, 2019. urteaz geroztik EH Bilduk Madrilgo Diputatuen Kongresuan izandako bozeramaile Mertxe Aizpurua Arzallus. Usurbilgo alkate ohiak politikan eginiko ibilbidea amaitutzat ematea erabaki du.
Hirutan aurkeztu da Aizpurua hauteskunde horietara, EHBilduren zerrendan. 2019ko apirila amaieran eginiko bozketa egunera aurkeztu zen lehen aldiz. Urte haren amaieran errepikatu egin behar izan zituzten hauteskundeak eta bigarrenez aurkeztu zen. Usurbilgo alkate ohia 2023ko uztailaren 23ko bozketa egunerako aurkeztu zen azken aldiz, EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu gisa.
Alkate izandakoa
Madrilgo Diputatuen Kongresura joan aurretik, Usurbilgo alkatea izan zen Aizpurua 2011-2015 legegintzaldian. Tarte horretan, Udalbiltzako lehendakari izendatu zuten. Legealdi hura amaitu baino lehen, ez zuela karguan segiko iragarri zuen. Lau urte haiek igarota, aurrez lantoki zuen GARA egunkarira itzuli zen. Egunkari honetako zuzendaria izandakoa da Aizpurua; sortu zenetik, 1999tik 2004ra bitartean.
66 urte beteta, orain, Kalezarkoak bere ibilbide politikoa amaitutzat eman du.