Berriki, Sutegin, Udalbiltza Euskal Herriko udal partzuergoak eta bertako kide den udalerri honek Geuretik Sortuak egitasmoari lotutako erakusketa kokatu zuten. Une hartan, proiektuaren hirugarren edizioa azken txanpan zela jakinarazia zuten antolatzaileek. Euskarazko kultur sorkuntza sustatzea xede duen ekimen horretatik eratorritako ikus-entzunezko lanez gozatzeko aukera bada oraindik. Hitzorduon agenda, hemen kontsulta dezakezue: https://www.udalbiltza.eus/geuretik-sortuak/
Hirugarren edizio horretan, "zazpi komiki, hamaika ipuin, zortzi antzezlan eta lau film labur" ekoitzi dira. Guztira, 30 sortzaile eta beste hainbeste herri edo herri multzok parte hartu du ekimenean. Herri honi lotutako bi egitasmo izan dira hirugarren edizioko uztaren baitan, erakusketan bertan jasoak. Batetik, “Hamaika irakurtzeko jaioak” izeneko bilduman jasoa dago Ixabel Agirresarobe Arzallusek iaz Arabako eta Nafarroako udalerri mugakide Asparrenan eta Ziordian egindako egonaldian sortutako "Hau, hori, (H)ura" izeneko ipuina; bestalde, Jon Ander Urresti bermeoarrak aurreko urtean Usurbilen eginiko egonaldian sortu zuen "Kolapsoa" izeneko antzezlana.
Urtarrilean, proiektu sarituen aurkezpena
Halako sorkuntza lan gehiago egon daitezke hurrengo ekinaldian. Izan ere, Geuretik Sortuak egitasmoaren laugarren edizioan parte hartzeko dirulaguntza deialdiaren oinarri arautzaileak kaleratu ditu Udalbiltza Partzuergoak, astearte honetako, urriaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez.
Aurreko edizioen ildotik, oraingo honek ere "bereziki, artisten sormena eta herrietako idiosinkrasia uztartzea du helburu, lankidetza honen bidez sortzaileen eta udalerrien arteko lotura bat sortuz, eta ondorioz, euskarazko obra artistikoak sortuz, hainbat udalerritan aurkezpen eta emanaldi zirkuitu baten bidez zabalduko direnak".
Dirulaguntza deialdira aurkezteko hilabeteko epealdia izango dute interesdunek, bihartik, hilaren 14tik aurrera zenbatzen hasita. Datorren urtarrilean, aurkeztuko ditu Udalbiltzak proiektu sarituak eta sortzaile bakoitzari esleituko zaion udalerria. Izan ere, norberaren sorterria ez den Euskal Herriko beste udalerri batean hiru astez eginiko egonalditik ondutako sormen proiektuak sustatzen ditu egitasmo horrek.
Egonaldi horretan, esleitutako herrian lantzen hasitako proiektua aurkeztu beharko da gero; komiki lanak 2027ko irailaren 6rako, ipuinak urte bereko azaroaren 1erako, antzezlan edota arte eszenikoei lotutako proiektuak abenduaren 6rako. Segidan, 2028ko urtarriletik urrira Euskal Herrian barrena aurkeztuko dira aurrez landutako sorkuntza lanak.
Egonaldi herrietan girotua
"Laguntza hauen helburua euskal artisten sormena eta euskal herrietako historia eta idiosinkrasia uztartzea da", Udalbiltzaren esanetan. Antolatzaileen esanetan, "k
Udalbiltzaren egitasmoaren helburua, "herrian herriko istorio baten oinarritutako kontakizun artelana sortzea izango da, betiere euskaraz. Horretarako, kulturgileek esleitutako herrietan 3 asteko egonaldiak egingo dituzte, herriko istorioak eta pertsonak ezagutu eta proiektua landu ahal izateko".
Dirulaguntzen zenbatekoa
Udalbiltzak zehaztua du, proiektu irabazle bakoitzak sormenerako nahiz hedapen lanetarako jasoko duen dirulaguntzen zenbatekoa. Ipuin bakoitzaren sormenerako 2.500 euro jasoko ditu onuradunak; komikia sortzeko 2.500 euro (3.500 euro bi gidoigile eta marrazkilari bat izanez gero); antzezlana sortzeko 30.000 eurora arteko laguntza antzerkigile profesionalek eta 15.000 eurora arteko laguntza antzerkigile berriek; edota arte eszenikoetako lanen sormenerako 10.000 euro gehienez.
Irizpideak
Udalbiltzak zehaztuak ditu laugarren edizio honetara aurkezturiko proiektuak balioztatzeko baliatuko dituen irizpideak: proiektuaren kalitate artistikoa (40 puntu); proiektuaren egokitzapen gaitasuna, malgutasuna eta egokitzen zaion herriarekin lantzeko aukera (30 puntu); aurrekontua, finantzazio plana eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, soilik arte eszenikoetan eta antzerkigintzan (15 puntu); eta, azkenik, Curriculum Vitae-a arlo guztietan, eta lagina soilik literaturaren eta komikiaren kasuan (15 puntu).
Informazio gehiago, gaurko, hilaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jaso ahalko duzue.
Hiru sorkuntza lan, Usurbilgo egonaldietan
Gogoan izan, aurreko hiru edizioetan zenbait herrikide sortzaileek parte hartu dute egitasmo horretan Euskal Herrian barrena eginiko egonaldietan, eta beste zenbaitek Usurbilen eginiko egonaldietatik ondu ditu proiektu artistikoak. Izan ere, udalerri honetako Udala baita, beste hainbatekin batera, proiektu honen sustatzaileetako bat.
Hala, 2021-22 urte arteko lehen edizioan, Itxaro Borda idazleak Usurbilen eginiko egonalditik "Gauak zuri Usurbilen" ipuina ondu zuen. Tarte horretan, Yolanda Arrietak Etxarrin (Nafarroa) eginiko egonalditik "Estekak" izeneko kontakizuna sortu zuen eta Ugaitz Agirrek "Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia" Arabako Artziniegan.
2023-24 urte artean, "Handantza" izeneko komikia sortu zuen Iñaki Martiarena “Mattin” marrazkilariak, 2023ko udan Usurbilen egindako egonaldian.
Azkenik, amaitzear den 2025-26 urte arteko hirugarren edizio honetan parte hartzaile izandako 30 sortzaileren artean izan da Jon Ander Urresti bermeorra. Iaz, Usurbilen eginiko egonalditik sortu zuen "Kolapsoa" izeneko antzezlana. Artean, Ixabel Agirresarobek Arabako eta Nafarroako udalerri mugakide Asparrenan eta Ziordian eginiko egonaldian ondu zuen "Hau, hori, (H)ura" izeneko ipuina.