Aurreko astean iragarritako bat egitea ofizialdu du euskal gehiengo sindikalak, astearte honetan, urriaren 13an. Izan ere, azaroaren 11rako etxebizitza eskubide duinaren aldeko greba orokorrerako deialdia erregistratu dute LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU sindikatuek, Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera.
Sindikatuon esanetan, "azaroaren 11n, etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin deia egin dugu"; horrez gain, "baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan".
Horrekin batera, "bertako patronala eta instituzioak interpelatuko ditugu deialdiarekin bat egiten dugunok. Izan ere, Confebask eta CEN patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Eta, etxebizitzaren eremuan, langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein askotariko udalek negozioa indartzen duten politikak egiten jarraitzen dute, nahiz eta instituzio hauek badituzten alor horretan eskumen zabalak. Errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia dela uste dugu, baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela ere".
Aipatu sindikatu abertzaleon hitzetan, "etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta baita euskal langileriaren kezka nagusia ere. Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, publikoa, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia da etxebizitzarekin egiten den espekulazioa" salatu nahi dute azaroaren 11n.
Datorren greba orokorraren deitzaileen hitzetan, "guztiontzako kalitatezko etxebizitza" bermatu daiteke. Horretarako, ordea, "hiru transformazio bultzatu behar ditugu: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitza langileriaren beharretara antolatzea. Horrekin batera, badira euskal langileriak berehalakoan beharrezko dituen neurriak: etxegabetze guztien etetea, eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera".
Azaroaren 11n, gainera, "langile klasearen pobretzearen aurka eta soldaten igoeraren alde ere egingo dute. 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko azken greba orokorretik zortzi hilabete igaro ez direnean".