"Komunitatetik, heriotzaz"

"Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentala proiektatuko dute igandean

Noaua Aldizkaria

"Komunitatetik, heriotzaz" zikloaren baitan, seme-alaben galera aitaren begiradatik aztertzen duen dokumentala proiektatuko dute igandean, urriaren 18an Sutegin.

Azken txanpan murgildua da, udaberritik tabu handienetakoa arrakalatzen diharduen "komunitatetik, heriotzaz" zikloa. Bere baitan, "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" iaz ekoitzitako dokumentala proiektatuko dute igande honetan, urriaren 18an Sutegin. "Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ikus-entzunezkoak, aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu".

Iaz Gasteizen estreinatu zuten. "Dokumentalak mugitu ditu barrenak. Biluztu dira protagonistak kameraren argi gorriaren aurrean. Eragin ditu malkoak eta bete ditu bihotzak. Harrera ezin hobea izan da", nabarmendu zuten sustatzaileek aitatxodokumentala.eus atariaren bidez. Herriz herri proiektatzen dabiltza ikus-entzunezkoa. Igandeko Sutegiko emanaldiaren ostean, filmaren sustatzaile Anakotz Lasarterekin solasaldia izango da.


"Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioaren ostean, ziklo hau borobiltzeko heriotza kulturartekotasunetik aztertuko dute azaroan.

“Komunitatetik, heriotzaz” zikloa
Urriak 18, igandea

18:00 "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.
Zehaztasunak: "Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ikus-entzunezkoak, aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Emanaldiaren ostean, filmaren sustatzaile Anakotz Lasarterekin solasaldia izango da".

Azaroak 5, osteguna
18:00 "Heriotza eta kulturartekotasuna" solasaldia Sutegi auditorioan.
Zehaztasunak: "Hainbat jatorritako herritarren arteko solasaldia, sorterrian heriotza bizitzeko duten moduaz".
Hizkuntza: gaztelania.

Saioetarako izen-ematea: aurrez eta doan eman ahalko da izena, usurbilkultura.eus plataforman. 
Bultzatzailea: Usurbil herri zaintzailea.
Laguntzaileak: Bidegin eta Iñurri elkarteak, Hil Arte Bizi egitasmoa eta Matia fundazioa.