"Espero dut hau hasiera besterik ez izatea"

Noaua Aldizkaria

Aimar Iraeta usurbildarrak dagoeneko egin du debuta Bidasoa eskubaloi taldearekin lehen mailan. Minutu gutxi jolastu zituen arren, gola sartzea lortu zuen eta "amets bat" egi bihurtzea lortu du.

Urriaren 3an egin zenuen debuta Bidasoa eskubaloi taldearekin, eta gola sartu zenuen gainera. Nola daramazu hori?

Txikitatik izan dudan amets bat da Bidasoarekin jokatzea, eta ezustean, larunbat horretan bete zen. Poztasun handiz hartu nuen. Egia da, urte osoan zehar, lehen taldearekin entrenatzen aritu naizela, baita denboraldiaurrean ere. Hala ere, ez zegoen nire planetan haiekin debuta egitea. Aukera izan da, eta aprobetxatu beharra zegoen.

Lehia handia dela esan duzu. Lehen taldearekin jokatzeko ametsa zapuzten du horrek?

Ez, nik ez dut horrela ikusten. Lehia horrek niri jokalari gisa gehiago lagundu eta hobetuko nau, hala iruditzen zait. Ni oraindik oso gaztea naizenez, ez dago presarik pauso hori emateko, eta azken finean, formakuntza prozesu batean egonda, lehenengo taldean sartzea ez da onena. Hortaz, entrenamenduetan eta haiek erakusten didatenarekin jokalari hobea egingo naiz, eta beste leku batzuetan erakusten dudanak, aurrerago bere fruituak eman ditzake.

Nolakoak izan ziren zure hastapenak eskubaloian?

Ni eskubaloian alebinetan hasi nintzela uste dut. Nire anaiak eskubaloian jolasten zuen. Eskubaloia, Usurbilen kirol famatuena edo esanguratsuena dela esango nuke. Bestalde, nire aitona urte luzez ibili da eskubaloi munduan epaile eta entrenatzaile gisa, eta orduan, eskubaloian sartu nintzen. Probatu nuen eta gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Gainera, lagunekin ere ondo pasatzen nuen, eta aurrera egin nuen.

Eta Bidasoan hasteko urrats hori noiz eman zenuen?

Kadete mailan Euskal Selekzioarekin aritzen nintzen, eta azken urtean, Bidasoatik hots egin ninduten. Pentsatu gabe baiezkoa eman nien. Azken finean, nire ametsa zen Bidasoan jokatzea, eta horren aldeko apustua egin nuen.

Nolakoa izan da lehen talderako salto hori?

Dena duela bi urte hasi zen, iritsi nintzenean. Urtarrilean Europako edo Munduko txapelketa izaten da, eta jende asko haien selekzioarekin joaten da. Pibote postuan inor ez zuten eta ni jubenilen lehenengo mailakoa izanik, urtarrilean zehar entrenatzera joan nintzen. Iaz, denboraldiaurrea haiekin egin nuen eta lagunarteko partidaren bat ere jolastu nuen. Aurten, seniorretarako saltoan, bigarren taldearekin jokatzen hasi naiz, eta azkenean, aukera hau eman da. Helburuetako bat debuta egitea zen, eta orduan, amets gisa kontsideratuko dugu, baina espero dut hau hasiera besterik ez izatea.

Eneko Furundarenak Bidasoako lehenengo taldean jokatzen du.Zer nolako harrera egin dizu?

“Furun”-i asko eskertu behar diot. Beregatik izan ez balitz, agian, oraindik taldean integratzen egongo nintzen. Lehengo egunetik lagundu dit, nire ondoan egon da, laguntza emateko prest.