Yolanda Arrietarentzat Euskadiko Haur eta Literatura Saria

Noaua Aldizkaria

Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren "Zurtz" sorkuntza lanari eman diote aurtengo Euskadi Literatura sarietako bat.

Hasiak dira jakinarazten, 2026ko Euskadi Literatura Sariak. Lehen hiru irabazleak ezagutarazi ditu asteazken honetan, urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Haien artean da, Yolanda Arrieta Malaxetxebarria. Denonartearen argitaletxearen "Zurtz" izeneko bere sorkuntza lanari emango diote aurtengo Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Saria.

Jaurlaritzak jakinarazitakoaren arabera, "epaimahaiak lanak umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion esanahi zabala eta iradokitzailea, bere adiera literaletik harago doana, eta pertsonaien ikuspegi desberdinen bidez eraikitako kontakizun-egitura aberats eta poliedrikoa nabarmendu du. Eleberriak sentiberatasunez jorratzen ditu hazkundearekin, nortasun propioaren bilaketarekin eta desberdina sentitzearekin lotutako bizipenak. Bakardadea, galera eta beste pertsona batzuengan aurki daitezkeen loturak ere lantzen ditu, sentimentalismoan erori gabe. Epaimahaiak, gainera, hizkuntzaren zaintza, kontakizunaren erritmoa eta zenbait esaldiren indarra azpimarratu ditu".

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gogorarazi moduan, Etxebarrin sortu eta Usurbilen bizi den herrikidea idazlea, irakaslea eta antropologoa da. "Haur eta gazte literaturan nahiz helduentzako literaturan ibilbide oparoa garatu du. Idazketa sortzaileko tailerrak gidatzen ditu, eta irakurzaletasuna sustatzeko ekimen ugari garatzen ditu familientzat eta hezitzaileentzat".

Azaroaren 20an sari-banaketa
Berarekin batera, Euskarazko Literatura Saria Lasarte-Oriako Ixiar Rozasi ematea erabaki du epaimahaiak Consonni argitaletxeak argitaratutako bere "Narrugorrik" izeneko idazlanagatik. Azkenik, aurtengo Literatur Lanaren Ilustrazioen Saria Kike Ibáñez Fernandezi ematea erabaki du epaimahaiak, "Abuenpaso argitaletxeak argitaratutako El diablo sobre ruedas lanagatik".

Horiek izan dira Jaurlaritzak ezagutarazitako lehen lan sarituak, baina gehiago izango dira asteotan. Izan ere, sariketa horri lotutako bigarren agerraldia iragarri dute hilaren 21ean. "Bertan emango dira ezagutzera honako modalitate hauetako saridunak: Gaztelaniazko Literatura, Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera".

Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 20an egingo dute, arratsaldeko 18:00etan Bilboko Euskal Museoan. "Sari hauen bidez, Eusko Jaurlaritzak literatura-sorkuntza, talentu artistikoa eta obren nahiz haien egileen zabalkundea sustatu nahi ditu".