Peru Galbete, "Pai Sai" kaleratzear

Noaua Aldizkaria

Sorkuntza lan berria argitaratzear du Peru Galbete Labianok. Sare sozialen bidez iragarritakoaren arabera, azaroaren 8an plazaratuko du "PAI SAI" izeneko sorkuntza lana.

Labetik ateratzear du Peru Galbete Labianok bere sorkuntza lan berria, bosgarrena. Honako honek "PAI SAI" izena izango du. Argitaratze data finkatu du; azaroaren 8an plazaratuko du. Halere, dagoeneko bere proiektu berri horri buruzko lehen zertzeladak aurreratzen hasia da Galbete.

Hasteko, bosgarren abesti sortak izango du desberdintasunik, aurreko bere lanekiko. Izan ere, Galbetek berak aditzera emandakoaren arabera, "abesti propioekin lau diska atera" ostean, erronka berri bati heldu dio; "oraingoan nola egin nire nireak ez diren kantuak, garai, jatorri edo hizkuntz ezberdinetakoak, jota batetik post-hardcore kantu batera. Amodioaren aldeko abestiak, edo berdina izan daitekeena, injustizien kontrakoak".

Bere "PAI SAI" saiakera gisa definitu du. "Saiakera bat da emateko kantuari hartzen diozun bezainbeste, aitorpen bat duen eraldaketa potentzialari. Gonbidapen bat ez soilik paisaia begiratzeko, bertan barneratzeko baizik".

Sare sozialen bidez hedatutako bideo honetan duzue abestietako bat. Ezaguna izango zaio bati baino gehiagori. Horrekin batera, segidan duzuen irudia plazaratu du.